Euskalgintzaren Kontseiluak prentsaurreko bateratua antolatu du, propio lehengo astean plazaratu zen sententzia salatzeko. Nabarmendu dute hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko garaia dela. Egoitz Luisa Anoetako alkatea bertan izan da.
Berrehundik gora lagunek egin dute agerraldia: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkateek zein udal hautetsiek, alderdi eta ikuspegi anitzetako kideek, eta euskalgintzako ordezkari ugarik. Bilbon batu dira gaur, Euskalgintzaren Kontseiluaren deialdiari erantzunez, eta irmoki gaitzetsi dituzte EAEko udal legeak euskarari lehentasuna emateko eskaintzen dituen aukerak murriztearen aldeko sententziak.
Agerraldia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dute, eta, hain zuzen, bertan eman dituzte euskararen arloan udal legea eta hura garatzen duen 179/2019 dekretua indargabetzen dituzten epaien berri. Horietako bat, Vox alderdiaren eskariz abiatua, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen joan den astean. Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, salaketa adierazpen bateratua irakurri du: «Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren aurkako eraso zuzena da».
Eusko Jaurlaritzak araubidearen defentsa egin zuen helegite baten bidez, baina epaiak artikulu bakarrean eman dio arrazoia. Sententziaren arabera, euskara lehenesteak «koofizialtasuna urratzen du». Gaurko agerraldiko parte hartzaileek, ordea, irmoki adierazi dute ez daudela ados:«Epai honen ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, ezta gaztelerarekin batera erabiltzen denean ere. Finean, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada, neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren parera iritsi dadin, hori du asmo indarrean dugun araudiak».
Salatu dute, gainera, sententzia horrek eta antzeko beste batzuek zalantzan jartzen dituztela «erakundeen erabakitzeko gaitasuna eta euskal gizartearen borondate kolektiboa».«Baliogabetutako dekretua Eusko Legebiltzarrean kontsentsu zabalez onartu zen udal legea garatzen du. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabalak babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak»,azpimarratu dute protestarako deia egiterakoan.
