Goiburuko tituloa

Historia

Jatorri historikoa

An imageDuela 7000 urte inguru, nekazaritza eta abeltzaintzaren agerketaren ondorioz, gizartearen eraketa eta lurraldearen ustiaketa moduetan forma berriak agertzen hasi ziren Oria haranaren inguruan. Garai hartakoak dira eskualdeko muinoetan aurkitutako monumentu megalitikoak. Gertuen daudenak Uzturre menditik Urdelarreraino doan pasabidean kokatutakoak dira (Belauriate, Loa, Moa, Beibatari, Basaburu, Gorosmendi), Ernio mendigunean kokatutakoekin batera (Munain, Otagain, Zaingo, Ordeka). Tolosaldean ez da garai hartako herrixken aztarnarik gelditzen.

Anoetan bizi zen, nolabaiteko antolakuntza zuen eta ziurtasunez hala izan zela adieraz daitekeen lehendabiziko komunitatea, Basagain mendi tontorrean kokatu zen eta bertan Burdin Aroari, hau da, Kristo aurretik lehen milurtekoari (orain dela 2000-2500 urte bitartean) dagokion aztarnategi arkeologiko garrantzitsu bat aurkitu dute. Gaur egun Aranzadi Zientzi Elkarteko talde bat ikertu eta induskatzen ari den aztarnategi honetan, etxebizitza jakin batzuk babesten zituen harresi baten aztarnak aurkitu dira.

Eskuz eta tornuz eginiko ontzi zeramikoen zatiak errekuperatu dira baita ere. Zenbait zatitan burdinaren presentzia ere zehaztu da.

Basagain herrixka agertzen denetik, Erdi Arora arte igarotzen den denboraz, 1000 urtetik gora, ia ez dugu ezer ezagutzen. Ikertzaileek ezin dute ezarri herrixka hau eta Erdi Aroan Anoeta sortu zela azaltzerakoan asmatzen, zonalde osoan datu arkeologiko eta dokumentalen eskasiak ezinezkoa egiten dute eta.