Anoetako Udalak bat egin du Tolosaldean beste urte batez martxan jarri den Bizilagunak ekimenarekin. Aste honetan Tolosan egindako aurkezpenean izan zen Ana Elosegi Anoetako alkateordea, eskualdeko beste udal eta eragileekin batera, egitasmoari babesa ematen.
Egitasmo honen helburu nagusia jatorri ezberdineko pertsonak eta familiak mahaiaren bueltan elkartzea da. Maiatzaren 10ean, igandean, hemen jaiotako familia edo lagun talde bat eta kanpotik etorritako beste bat elkartuko dira bazkaltzeko, dinamizatzaile baten laguntzarekin. Aurtengo leloak dioen bezala —Etxean edo parkean, harremanak elikatzen!—, helburua elkar ezagutzea eta aurreiritziak apurtzea da.
Anoeta, herri abegikorra
Ana Elosegi alkateordeak nabarmendu duenez, mota honetako ekimenak funtsezkoak dira Anoeta bezalako herri inklusibo bat eraikitzeko: "Bazkari bat partekatzea keinu txiki bat dirudi, baina harreman sakonagoak sortzeko lehen urratsa da. Desberdintasunen aurrean, gertutasuna eta elkarbizitza sustatu nahi ditugu gure herrian".
Aurten, gainera, egitasmoa malguagoa izango da. Bazkariak etxeetan ez ezik, parkeetan edo elkarteetan ere egin ahal izango dira, parte-hartzea errazteko eta espazio publikoa topagune bihurtzeko.
Nola eman izena?
Anoetarrak (familiak, lagun taldeak zein dinamizatzaile izan nahi duten banakoak) izena ematera animatu nahi ditu Udalak. Epea apirilaren amaierara arte dago zabalik. tolosaldea@sosracismo.eu helbidera idatzi behar da edo galdetegi hau erantzunda.
