Anoetako enpresetan euskararen erabilera sustatzea
Euskarak bizitzako alor guztiak behar ditu aurrera egingo badu eta, zalantzarik gabe, lan munduak berebiziko garrantzia du. Horregatik, Galtzaundi Euskara Taldeak eta udaleko euskara zerbitzuak elkarrekin bide bat hasi genuen. Herriko enpresa txikietan euskararen presentzia areagotzeko helburuarekin eta Anoetako enpresen lan jarduna euskalduntzeko asmoarekin, lanketa egiten hasi ginen, kuantitatiboa baino kualitatiboagoa den lanketa.
Aurten hamabi izan dira Galtzaundik bisitatu dituen enpresak: Tarte, Gurutze Autoak, IBK Bizikletak, Aukeran Sukaldeak, Peru SL, Irovi SA Citroën, Lanbroa Gourmet, Auto-garbiketa, Jamai Technical Services, Maquinados y Montajes, First Stop SEAT eta Lugaritz SEAT.
Azken hamaika urteetan gehiago izan dira, ordea, euskararekiko konpromisoa hartu eta aldaketak eman dituzten enpresak. Nabarmentzeko bilakaera izan dute guztiek. Besteak beste, Autoberri tailerrak, Mapi grabatuak, Zuriarrain iturgintza, Opel Giauto, Furgo Koddi, Bentaldea bodegoia, Ibarra autoen Hornikuntza, Goya harakintza eta Anoeta karrozeria.
Oro har, hizkuntza paisaian eta idatzizko eta ahozko barne zein kanpo harremanetan eragin nahi da. Izan ere, enpresen ahozko eta eguneroko funtzionamendua euskalduna da gehienetan; enpresen kanpo irudia, ordea, erdalduna.
Parte hartzaileek urratsak eman nahi dituzte. Azpimarratzekoak dira erakutsi duten aldeko jarrera eta erantzukizun soziala. Bultzada bat ematea nahikoa da pauso gehiago eman ahal izateko, enpresa berriak egitasmora erakartzeko eta euskararen alorrean ematen ari diren aldaketak babesteko. Lerro hauetan, gure esker ona adierazi nahi diegu egiten duten ahaleginarengatik.
Iaz Euskaraldiak ekarri zuen proposamena aurkeztu zitzaien: enpresetako arduradunei funtzio batzuk har dezaten gomendioa luzatu zitzaien, hala nola, langileen artean Euskaraldiaren zabalkundea egitea, beharrezko informazioa eskaintzea, izen-emate kanpainaren berri ematea eta parte-hartzea bultzatzea, Euskaraldiak irauten zuen hamaika egunetan enpresa girotzea eta, ariketa praktikoa modu egokian burutu zedin, behar ziren neurriak hartzea. Hiru izan ziren Euskaraldiarekin bat egin zuten enpresak: Tarte, Gurutze Autoak eta Lanbroa Gourmet. Bada, enpresa horien arduradunen balorazioa jaso dugu aurten, eta datorren urteari begira Euskaraldiak proposatzen duena aurreratu zaie.
Azkenik, Hezi eta Lan proiektuaren informazioa ere eman zaie hiru enpresei, praktikaldiak egiteko ikasleak hartzen dituztenei hain zuzen. Ikasketak euskaraz egin dituzten ikasleen lan-ibilbidea euskaraz egiteko baldintzak indarzea da egitasmoaren helburua.
Aurrerantzean ere enpresa berriak gehituko ditugu egitasmo honetara.