Anoeta FTko gazteek ohorezko mailarako igoera eskuratu dute

Anoeta FT gazte mailako futboleko taldeak ohorezko mailan aritzeko eskubidea eskuratu du asteburuan. Igande goizean, Abraham Olano kiroldegian jokatutako hiruko fase erabakigarrian parte hartu zuten, eta bi norgehiagokak irabazita lortu zuten igoera. Taldeak erakutsitako joko sendoari eta konpromisoari esker, kategoria gorenera igotzeko helburua bete dute, klubarentzat mugarri garrantzitsua ezarriz.

Anoeta futbol taldeak, jubenil mailan diharduenak, denboraldi borobila osatu du aurten Gipuzkoako txapeldun bihurtuz, eta horrekin batera, ohorezko mailara igotzeko aukera eskuratu du. Mailaz igotzeko lehian, erkidegoko beste bi txapeldunekin neurtu behar izan du indarrak: Bizkaiko ordezkari Santutxu eta Arabako txapeldun Corazonistas de Vitoria taldearekin.

Txapelketa erabakigarria hiru talderen arteko ligaxka baten bidez jokatu zen. Lehen norgehiagokan, Anoetak Corazonistas taldea garaitu zuen modu sendoan, 5-1eko emaitzarekin. Ondoren, Santutxu eta Corazonistasen arteko neurketa izan zen, eta bizkaitarrek 2-1 irabazi zuten. Azkenik, txartel gorena jokoan zegoela, Anoetak eta Santutxuk elkarren aurka jokatu zuten norgehiagoka erabakigarria. Anoetarrak bikain aritu ziren berriro ere eta 3-1 nagusitu ziren, partida estu eta intentsitate handikoa izan bazen ere.

Anoeta FTko entrenatzaile Jose Manuel Caballerok azpimarratu du azken partida oso parekatua izan zela, eta bereziki eskertu nahi izan die taldea animatzera bertaratu ziren zaleei euren babesa eta giro beroa.

ANOETAKO FUTBOL TALDEA
 Jose Manuel Caballero Anoetako taldearen entrenatzailen hitzetan futbol taldea lagun kuadrilla batez osatua dago, sei anoetarrez, bi irurarrez eta hernialdetar batez osatua. Guztiek Anoetan ikasi dute, lagunak dira eta anoetakoak bertakoak sentitzen dira: "nire ustez, azpimarragarriena eta benetan garrantzitsuena da herriko gazteak nola kutsatu ditugun partidu guztietan parte hartzera eta taldea animatzera. Era berean, nabarmendu nahi nituzke gurasoak ere, ez baitute partidu bakar batean ere huts egin. Uste dut haurrek herrian bertan jokatzeaK izugarrizko garrantzia duela, izan ere, adin batetik aurrera, beste talde batzuetara joan ohi dira.Entrenatzaile gisa, beti saiatu naiz kiroltasuna, adiskidetasuna, konpromisoa eta gure herriaren aldeko maitasuna irakasten. Harro esan dezaket KUKU defendatu dugula Euskadi osoan zehar, atzaparrez eta bihotzez, borrokaren bidez".