Datorren astelehenean, ekainak 22, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, kultur eta sentsibilizazio ekitaldi berezi bat hartuko du Anoetak: 'Zarata' proiektua. Hodei Arrastoa zizurkildarrak sortutako ez-ohiko formatuko audiogida indibidual bat da, LGBTI+ kolektiboaren inguruan kontzientzia eta hausnarketa sortzea helburu duena.

Ekimena Lasarbe aretoan izango da, eta herritarrentzat irekia egongo da 16:30etik 20:30era bitartean.

Nola funtzionatzen du esperientziak?

Museo arruntetan ez bezala, 'Zarata' proiektuan protagonismo osoa entzumenak du. Parte-hartzaile bakoitzak bere mugikorraren bidez QR kode bat eskaneatuko du (audioa euskaraz zein gaztelaniaz dago eskuragarri) eta, aurikularrak jantzita, 10 geldialdiko ibilbide bat egingo du diseinatutako espazioan zehar.

Ibilbidean zehar, LGBTI+ kolektiboaren parte diren hamar euskal artistaren ahozko testigantzak eta istorioak entzungo ditu belarrira (tartean Xanti Agirrezabala, Telmo Irureta, Luix Mitxelena edota Nahia Sillerorenak), bakoitza bere bizipen, poesia edo fikzioarekin tabuei eta egoera deserosoei aurre egiteko. Geldialdi bakoitzean, entzuten ari den horri buruzko informazio gehigarria emango dion estimulu bisual bat (irudiak, argazkiak, berriak) topatuko du parte-hartzaileak.

  • Iraupena: Pertsona bakoitzaren esperientziak 45 minutu inguru irauten du.

  • Oharra: Esperientzia indibiduala denez, bakoitzak nahi duenean hasi dezake ibilbidea adierazitako ordutegiaren barruan (16:30-20:30), jende pilaketak ekiditeko. Gomendagarria da parte-hartzaile bakoitzak bere aurikularrak eramatea, nahiz eta antolakuntzak ere kaskoak eskura jarriko dituen.

  • Adina: Eduki eta praktika batzuen azalpen esplizitua dela eta, seigarren istorioan 18 urtetik gorakoentzako irudiak daude.

Udaletik herritar guztiak gonbidatu nahi zaituztegu sorkuntza artistiko indartsu honetan parte hartzera, gure herrian aniztasuna eta errespetua sustatzen jarraitzeko.