Euskara ikasten aritu diren eta HABEren deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten herritarrek dirulaguntza eskatzeko aukera dute. Eskabideak bi txandatan aurkeztu ahal izango dira, maila gainditu edo egiaztatu den dataren arabera.

Lehen txandako eskaerak 2026ko ekainaren 9tik abuztuaren 3ra aurkeztu ahal izango dira. Txanda honetan, 2025eko uztailaren 1etik 2026ko uztailaren 31ra bitartean maila gainditu edo egiaztatu duten pertsonek egin ahal izango dute eskaera. Egin klik hemen eskaera gauzatzeko.

Bigarren txandako epea 2026ko irailaren 1etik azaroaren 3ra izango da. Kasu honetan, 2026ko abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitartean maila gainditu edo egiaztatu duten ikasleek aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Era berean, lehen txandan eskaera egin ez dutenek ere aukera izango dute bigarren txandan, baldin eta 2025eko uztailaren 1etik 2026ko uztailaren 31ra bitartean maila gainditu edo egiaztatu badute.

Eskaerak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden formularioen bidez aurkeztu ahal izango dira. Eskaerarekin batera, egindako ikastaroen matrikulen ordainketa-agiriak aurkeztu beharko dira. Era berean, eskabidea aurrez aurre aurkezteko aukera ere badago HABEren bulegoetan, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan eta indarrean dagoen araudiak aurreikusitako gainerako erregistroetan.

Bestalde, HABEren laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen ez dituztenek edo jasotako dirulaguntza osatu nahi dutenek udalaren euskara ikasteko dirulaguntzetara aurkezteko aukera izango dute, Udalak 2026ko deialdia argitaratzen duenean.