Eskualdeko ia udalerri guztietako alkateak biltzen dituen Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak —tartean Egoitz Luisa Urkola Anoetako alkatea dagoelarik— agerraldi publikoa egin du Asuncion Klinikaren atarian, Osasun Sailak eskualderako prestatutako plan funtzionalari buruzko ondorioak plazaratzeko. Alkateen ustez, aurkeztutako proposamenak ez die Tolosaldeko osasun beharrei erantzuten eta zerbitzuen murrizketa dakar.
Eskualdeko ospitale bat baino, zentro sozio-sanitario bat
Dokumentua aztertu ondoren, udal ordezkariek kezkaz adierazi dute proposatutako azpiegitura ez dela eskualdeko ospitale oso bat, Donostiako ESlaren menpeko zentro sozio-sanitario bat baizik. Salatu dutenez, plan honekin gaur egungo zerbitzuak nabarmen murriztuko lirateke: akutuen ospitalea desagertu egingo litzateke kronikoentzako zentro bat bihurtzeko (Asuncionek gaur egun dituenak baino 30 ohe gutxiagorekin), eta kirurgia orokorra zein traumatologia ere desagertu egingo lirateke, ebakuntza txikietara mugatuz.
Gainera, alkateek informazio falta eta prozesuan parte hartzeko aukerarik ez izana salatu dute. Nabarmendu dutenez, planak ez du argitzen Tolosaldeko ESIaren etorkizuna, ezta Tolosako anbulatorioarekin zer gertatuko den ere, eta horrek herritarren irisgarritasuna kaltetuko luke, Donostiako ospitalearen saturazioa areagotuz.
Asuncion Klinika publifikatzearen aldeko apustua
Egoera honen aurrean, mugimenduak berriro eskatu du Asuncion Klinika publifikatzeko aukera modu serioan aztertzea. Bide horrek azpiegitura eta bertako profesionalak baliatzea ahalbidetuko luke, langileen etorkizunari egonkortasuna emanez eta zerbitzu publikoaren jarraitutasuna bermatuz, kontuan izanik bost urte barru klinika itxi egingo dela eta langileak jada martxan hasiak direla. Alkateen ustez, aurkeztutako murrizketa-planerako Asuncionen dauden espazioak nahikoak lirateke, eraikin berri baten beharra ezbaian jarriz.
Elkarlanerako eskua luzatuta
Alkateek argi utzi dute Tolosaldeko herritarrek Gipuzkoako gainerako eskualdeen kalitate-, gertutasun- eta zerbitzu-maila bera merezi dutela, baita osasun arreta euskalduna jaso ere. Horregatik, Osasun Sailari eskua luzatu diote berriro, kritika eta proposamenak entzun ditzan eta eskaintza berraztertu dezan.
