San Isidro, baserritarren egunaren harira (maiatzak 15), Anoetako Udalak hainbat ekintza antolatu ditu datorren astebururako, kultura eta herri-lana uztartuz.
Datorren ostiralean, maiatzak 15, Onintza Enbeita bertsolari eta idazlea gurean izango da. Arratsaldeko 18:00etan, Lasarbe aretoan, 'Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana' liburua aurkeztuko du. Gaiak ezin hobeto egiten du bat eguneko esanahiarekin, andre baten eta lurraren arteko lotura jorratzen baitu.
Larunbatean, maiatzak 16, herrigintzari ekingo diogu Auzolan Egunarekin. Goizeko 08:00etan herriko plazan elkartuko gara, iaz zabaldutako bi oinezko bideak txukundu, hobeto markatu eta panel berriak jartzeko. Parte hartu nahi dutenek Aitzoli idatzi behar diote (656 705 324) lanak behar bezala antolatu ahal izateko. Eguna borobiltzeko, 21:00etan baserritarren eta auzolaneko kideen arteko afaria egingo da Kuku elkartean (10€).
