Tolosaldean langabezian dauden pertsonei zuzendutako prestakuntza-eskaintza berria jarriko da martxan 2025eko udazkenean, bi sektore ezberdinetan laneratzeko aukera eskainiz: fabrikazio mekanikoa eta ile-apainketa. Bi ikastaroek aukera emango dute ziurtagiri profesional ofizialak eskuratzeko eta guztiz doakoak izango dira, erakunde publikoen laguntzari esker.

1. Fabrikazio Mekanikoko Eragiketa Osagarrien Ikastaroa

Tolosaldea Heziketa Institutuan egingo den lehen ikastaro honek FMEE0108 (1. maila) lanbide ziurtagiria eskuratzeko aukera emango du, mekanizazio arloko lan osagarriak burutzeko gaitasunak jorratuz. Ikastaro hau langabetuei eta bereziki Tolosaldeko emakumeei zuzendua dago, sektore industrialetan genero-oreka bultzatzeko asmoz. Teoria (400 ordu) eta praktikak (40 ordu) uztartzen ditu, eta irailaren 29an abiatuko da. Jarduerak arratsaldez egingo dira, 14:30etik 19:30era, eta %100ean diruz lagunduta egongo da.

2. ikastaroa ile-apainketako zerbitzu osagarrietan espezializatzeko aukera eskaintzen du, 1. mailako ziurtagiri profesionala lortuz. “Kixki-Kaxka 2025” izeneko ikastaro honek ilea garbitzeko, egokitzeko, eta orrazketaren oinarrizko teknikak barne hartzen ditu.

Prestakuntza hau ere langabetuei dago zuzenduta eta irailaren 29an hasiko da, 2026ko otsaila amaierara arte luzatuko den teoriaren ondoren, ikasleek 120 orduko praktikak egingo dituzte ile-apaindegietan. Gainera, ikasleek eguneko 9 euroko beka jasoko dute asistentzia bermatzen badute.