Gaur inauguratu da Anoetan Kuku parkea, herritarren aisialdirako eta naturaz gozatzeko espazio berria. Irekiera ekitaldia giro berezian egin da, Ttipi-ttapa egitasmoaren baitan: adineko herritarrek Anoetako plazatik abiatu eta oinezko paseo atsegin batean iritsi dira parkera, bertan eskolako gazteekin elkartuta.
Adinekoen eta gazteen arteko elkarlan giroan egin da parkearen irekiera, belaunaldi ezberdinen arteko topagune bihurtuz.
Kuku parkea naturarekin lotura zuzena sustatzeko diseinatu da. Egurra, harria eta ura dira espazioaren oinarri nagusiak, eta, elementu horien bidez, herritarrek ingurune naturalarekin harreman osasuntsua garatzeko aukera izango dute. Parkea haur, gazte zein helduentzat egokia da, aisialdia modu aktibo eta atseginean igarotzeko gune aproposa eskainiz.
Ekimen honen bidez, Anoetak urrats bat gehiago eman du herri bizigarriago eta zaintzaileago baten norabidean, espazio publikoak komunitatearen topagune eta ongizaterako gune bihurtuz.
