Joan den maiatzaren 29an, Anoetako Jaiei hasiera bikaina emateko, herriko hainbat kultur eragilek indarrak batu zituzten 'Kaleen oihartzuna' ikuskizun berezia taularatzeko. Anitz dantza taldeak, Loatzo musika eskolak eta Kukuak Kantuz taldeak lankidetza estuan egindako saio honek harrera bikaina izan zuen herritarren artean, eta orain, nahi duen edonork noiznahi eta nonahi ikusteko aukera izango du, osorik igo baitute YouTubera.
Ikuskizunak 1900. urtetik gaur egunera arte Anoetan izandako hainbat pasarte eta bizipen garrantzitsu ezagutzera ematen ditu modu kronologikoan, musika eta dantza ardatz hartuta. Herriko memoria historiko eta kolektiboa berpizten duten uneen artean, honako hauek jorratzen dira, besteak beste: Anoetaren eta Iruraren arteko harremana, Txikita de Anoetak raketista gisa egin zuen ibilbidea, Berpizkundeko Jaurtakolek Ateaga baserrian egin zuen egonaldia, Carrero Blanco Anoetara eskola nazionalak inauguratzera etorri zenekoa, Modesto Enea etxeak herrian izan duen bilgune funtzioa, Xalbador Garmendiak itzultzaile gisa egin zuen lana, Abraham Olanoren txapelketa mundiala eta Anjel Mari Peñagarikanoren Gipuzkoako txapela edota herrian hain maitatua zen Juanjo brigadako langileak festetan izandako parte-hartzea.
Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu eta ikuskizun hau posible egin duten elkarte eta herritar guztiei, gure herriaren izaera eta historia hain modu ederrean jasotzeagatik.
