Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurtengo Euskaraldia, eta izena emateko epea zabalik dago.
Entitate gisa Euskaraldian parte hartzea erabaki du Anoetako Udalak eta jada izena eman du.
Herritarren hizkuntza-praktikak aktibatzea eta euskararen erabilera handitzea du helburu Euskaraldiak. Laugarren aldia izango da aurtengoa, eta, lehen aldiz, udaberrian egingo da: maiatzaren 15etik 25era.
Anoetako Udalak, euskararen indarberritzean duen zereginaz kontziente izanik, parte hartzeko konpromisoa hartu du. Hala, udal-langileei Euskaraldiaren berri emango zaie, eta parte hartzeko deia egin.
Era berean, Udalak dei egin nahi die anoetarrei Euskaraldian parte har dezaten, kontuan hartuta norbere hizkuntza-ohiturak aldatzeak inguruan ere baduela eragina, eta, hala, euskararen erabilera indartu daitekeela.
Bi rol izango dira aurten ere Euskaraldian:
Ahobizi. Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du Ahobizik. Besteek euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo ditu; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko du.
Belarriprest. Aldiro erabakiko du euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez du euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskaraz dakitenek berari euskaraz hitz egitea nahi du, eta horixe eskatzen die modu esplizituan.
Euskaraldian izena emateko aukera zabalik dago. Webgunerako lotura: https://izenematea.euskaraldia.eus/