Anoetako Udalak eta Anoetako Erasoen Aurkako batzordeak gaitzespen tinkoa azaldu nahi dugu gure herrian larunbat gauean gertatutako eraso sexisten aurka, eta gure laguntza eta babes osoa eskaini nahi dizkiegu erasoa jasan duten emakumeei eta bere ingurukoei. Informazio eta baliabide guztia jarri nahi dugu erasotutako emakumeen esku, baita egoerari aurre egiteko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere.
Gertaeraren berri izan dugunetik eta erasoari buruzko informazioa egiaztatu eta kontrastatu ondoren, emakumeen aurkako indarkeriari erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala aktibatu dugu, informazioa baloratzeko eta beharrezkoa den koordinazioa ziurtatzeko, erasotuei eta bere gertukoei arreta egokia emateko.
Hauek horrela, Anoetako Udalak eta Anoetako Erasoen Aurkako batzordeak hurrengo erabakiak hartu ditugu: alde batetik, gure jarrera irmoa adieraztea, argi eta garbi esateko ez ditugula inolaz ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaintzea, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, indarkeria ez baita soilik erasotutako emakumeen arazoa, baizik eta emakume guztiena.
Emakumeen aurkako indarkeriak arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Indarkeria hori gizartean errotuta dauden generoen gaineko aurreiritzien ondorioa da. Gizartearen antolamenduak behartzen ditu emakumeak menpekotasun materialeko egoera batera eta bizitza prekario batera. Ez ditu emakumeak jartzen gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko.
Bermatu behar dugu udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guztien jabe garela, eta ez dugu atsedenik hartuko ahalegin honetan. Guztion artean bilatu behar diogu irtenbidea gure bizikidetzaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi.
Lanketa horren baitan, ezinbestekoa da aukera guztiak eskaintzea Anoetako herritarrei emakumeen aurkako eraso guztiak irmotasunez gaitzesteko. Erasoa jasan duten emakumeek guztion laguntasuna sentitu behar dute, ikusi behar dute guztion erantzukizuna eta ardura dela haiei laguntzea, eta erasotzaileari argi eta garbi azaldu behar diegu guztion artean mugatuko dugula beldurra hedatzeko estrategia zital hori, emakumeei erantzun-tresna egokiak emanez, eta gizon erasotzaileei ekintza makur horien ondorioak ordainaraziz.
Horrenbestez, Anoetako Udalak eta Anoetako Erasoen Aurkako batzordeak elkarretaratze deialdia egin dugu gaur, ekainaren 2a, arratsaldeko 19:00ean, Anoetako plazan.
Herritar guztiak elkarretaratze horretan parte hartzera gonbidatzen ditugu, indarkeria sexistaren aurka agertzera eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera.
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
