Pasa den larunbatean, aurtengo lehen batzar nagusia egin zuen UEMAk Azkoitian. Bertan elkartu ziren UEMA osatzen duten udalerri euskaldunetako 125 bat alkate eta zinegotzi eta, besteak beste, UEMAren 2025-2029ko plan estrategikoa onartu zuten. Ana Elosegi Anoetako ordezkaria izan zen bertan.
Horrez gain, Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegiko udalek mankomunitatera sartzeko egindako eskaerak ere. Horiek onartuta, 118 udal izatera heldu da UEMA. Guztien arten 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik nabarmendu duenez, "hazten ari da udalerri euskaldunen lurgunea, eta horrekin batera, baita UEMA ere. Poztekoa da gaur bost udalerri gehiago izatea gure artean. Ongietorria eman diegu, eta baita eskua luzatu ere lanean hasteko. Izan ere, hazkundeak eta euskararen ezagutzan oinarritutako datuek soilik ez dute bermatzen udalerri euskaldunetan euskara osasuntsu egotea. Beraz, hurrengo lau urteotarako plan estrategikoarekin batera, lanerako ardatz berriak ere onartu ditugu".
Herri berrien eskaerak onartu aurretik, hainbat kontu izan zituzten aztergai UEMAren batzar nagusian. Batetik, Siadeco ikerketa etxeak UEMArentzat egindako proiekzio demolinguistikoa aurkeztu zuen Iñaki Iurrebaso soziologoak eta UEMAren ikerketa arduradunak. Zehazki, Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoaren emaitzen berri eman zien batzarkideei. Lan horretan, gertatzen ari diren aldaketa demografikoak kontuan izanda eta oraingo joera soziolinguistikoak bere horretan jarraituz gero euskararen egoera 2036an zein izango den aztertu zuen Siadecok. Emaitza askotariko eragileei aurkezten ari da UEMA, eta hurrengo asteotan plazaratuko du.
