UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, ‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpainaren hirugarren aldia abiatu du gaur. Aurrekoetan bezala, Euskal Herrira etorri eta euskara ikasten ari diren edota ikasi duten herritarrak jarri nahi ditu erdigunean egitasmoak, jatorria edozein dela ere, euskaldun gisa duten aitortza indartzeko.
Aurreriritziak gainditzeko zubia
Anoeta, herri euskalduna eta UEMAko parte den heinean, egitasmo honen kolaboratzaileetako bat da. Askotan, azalaren koloreagatik edota kanpoko jatorria dutela pentsatzeagatik, herritar askok gaztelaniara jotzen du pertsona horiekin hitz egiterakoan. Kanpaina honek ohitura hori aldatu nahi du: euskara ikasten ari direnek euskaraz aritu nahi dute, horixe baita gure herrian integratzeko eta harremanak sortzeko zubirik ederrena.
Hamabi testigantza, mezu bakarra
Jatorri ezberdineko hamabi lagunek (Kuba, Hego Korea, Sahara, Nikaragua...) hartu dute parte bideoetan, euren esperientzia kontatuz. Guztiek mezu bera helarazi nahi digute: euskaraz egiteko beraiei ere, euskaldun sentitzen direlako eta hizkuntza ukatzen zaien bakoitzean, neurri batean, herritartasuna ere ukatzen zaiela sentitzen dutelako.
Anoetarrei deia
Anoetako Udalak bat egiten du mezuarekin eta herritarrak animatu nahi ditu aurreiritziak albo batera utzi eta lehen hitza beti euskaraz egitera, parean dugunaren itxura edo jatorria kontuan hartu gabe. Euskara ikasten ari direnei bidea erraztea guztion ardura da.
