Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamenduko zuzendari Gloria Vazquez Herranz Anoetan izan da Lasarbe parkea bisitatzen Egoitz Luisa alkatearekin batera. Ondoren egindako bileran Luisak azaldu dio azken urteotan jasangarritasuna udal politikaren ardatz nagusietako bat bihurtu dela, ingurumenaren zaintza, energia-trantsizioa eta ekonomia zirkularra uztartzen dituzten ekimenak sustatuz. Lasarbe eremuan garatu den aisialdi eta berdegune berria estrategia horren azken adibideetako bat da. Espazio berriak herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta naturarekin lotura estuagoa sustatzea du helburu, hasieratik herritarren ekarpenak kontuan hartuz garatutako proiektua izanik.
Alkateak Ingurumen zuzendariari azaldu dionez, jasangarritasunaren aldeko udal politikak, ordea, askoz harago doaz. Hondakinen kudeaketan, Anoetak %75etik gorako gaikako bilketa tasa lortu du, autokonposta eta auzokonposta kontuan hartu gabe. Horrez gain, udalerriko 332 etxebizitzek –etxebizitzen %36k– autokonposta edo auzokonposta egiten dute, eta sistema hori sustatzeko, erabiltzaileek %10eko hobaria jasotzen dute hondakinen tasan. “Horri esker, hilero 5.000 kilo materia organiko kudeatzen ditugu herrian bertan, hondakinak baliabide bihurtuz eta garraioa murriztuz”.
Energia arloan ere urrats garrantzitsuak ematen ari da Udala. Udaletxean energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak egin dira, inguratzaile termikoa eta aerotermia ezarriz. Era berean, kiroldegiko galdara gela erabat berritu da: gasoil bidezko sistema kendu, aerotermia instalatu eta eguzki-plaka termikoak egokitu dira. Horrez gain, udalerriko kale-argiteriaren berrikuntza abiatu da LED teknologiaren eta kuadro elektriko berrien bidez, energia-kontsumoa eta emisioak murrizteko.
Bestalde, Egoitz Luisak zehatz azaldu du Anoetak tokiko energia-komunitatearen aldeko apustua ere egin duela. “Horren erakusgarri da Argiberri energia-komunitatea, Udala, Anoetako Herri Ikastola eta 31 etxebizitzaren arteko lankidetzatik sortua. Aldi berean, Udalak kiroldegiko teilatuan instalazio fotovoltaikoa du martxan, eta autokontsumo partekatua sustatzeko lanean ari da, gaur egun sortzen den energiaren zati handi bat sare elektrikora bideratzen baita”.
Ingurumen-politikek landa eremua eta tokiko elikadura ere barne hartzen dituzte. Udalak 44 herri-baratze ditu, horietatik 38 herritarren erabileran daudenak, eta herri-bideen mantentze-lanetan 10.677 euro baino gehiago inbertitu ditu aurten. Horrez gain, auzolanean bi herri-ibilbide garbitu eta seinaleztatu dira, herritarren eta ingurumenaren arteko lotura indartzeko.
Hezkuntza eta kontzientziazioa ere ezinbesteko zutabeak dira estrategia honetan. Horregatik, Udalak Ingurumen Foroa sustatzen du Anoetako Herri Ikastolarekin elkarlanean, ingurumenaren inguruko heziketa, koordinazioa eta herritarren inplikazioa
bultzatzeko. Udalak, gainera, herri-baratzeen proiektua ere sustatzen du, tokiko ekoizpena, kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra bultzatzeko tresna gisa.
Anoetako alkatearen hitzetan, «jasangarritasuna ez da egiten dugunaren emaitza bakarrik; egiten dugun hori nola egiten dugun ere bada. Horregatik, guretzat funtsezkoa da udal proiektu guztiak herritarrekin partekatzea eta haien iritzia entzutea. Herritarren parte-hartzea da erabaki sendoen oinarria. Egiten dugun guztiak helburu bera du: herritarren ongizatea hobetzea, komunitatea indartzea eta herria egitea. Uste dugu komunitate kohesionatu eta inplikatu batek izango duela etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasunik handiena, eta belaunaldi berriei udalerri jasangarriagoa eta bizigarriagoa uzteko aukera».
Ikuspegi horrekin, Anoetako Udalak berresten du jasangarritasuna ez dela ingurumen-politika isolatu bat, baizik eta udal jarduera osoa gidatzen duen irizpide estrategikoa: hondakinen kudeaketatik energia berriztagarrietara, landa eremutik herritarren parte-hartzera, etorkizuneko Anoeta eraikitzeko oinarria.
