Anoetako Udalak, UEMAren laguntzaz, euskara sustatzeko prozesu estrategiko bat jarri du abian
Anoeta udalerri euskalduna da, eta azken datu ofizialek diotenez, herritarren %72,2k euskaraz dakite. Belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza, eta etxean jaso ez duten askok ere ikasi dute. Euskaraz bizi da herria, eta egoera horri eustea da Anoetako Udalaren helburu nagusietako bat.
Horretarako, funtsezkotzat jotzen du euskaraz jarduteko aukerak areagotzea eta herritar zein eragileei bideak erraztea. Horixe da, hain zuzen ere, Udalaren konpromisoa. Ildo horretan, eta aurrean dituen erronkei modu egokian erantzuteko asmoz, plan estrategiko bat osatzeko lanetan ari da, herritarren eta eragileen parte-hartze aktiboarekin. Plan horrek AROA du izena.
Prozesuaren lehen urratsa herritarrei galdetegi bat helaraztea izan da, eta haren bidez jasotako iritziek aberastu dute diagnosi-fasea. Orain, bigarren urratsa iritsi da: estrategiak zehaztu eta ekintza posibleak identifikatzeko, saio ireki bat antolatu da, herritar eta eragileekin elkarlanean.
Saioaren xehetasunak honako hauek dira:
Tokia: Udaletxeko pleno aretoa
Eguna: Ekainaren 11
Ordua: 18:00etatik 19:30era