Anoetako Udaleko alderdi guztiek babestu dute Azaroaren 25eko adierazpen instituzianala. Udalbatzako talde politiko guztien babesarekin, testuak indarkeria matxistaren aurkako erabateko gaitzespena adierazi du, eta komunitate feministaren eta tokiko sareen garrantzia nabarmendu du emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko.
Adierazpenak azpimarratzen du indarkeria matxistak beldurra, isolamendua eta zigorgabetasun-sentsazioa eragiten dituela, eta bereziki zaurgarriagoak diren emakumeengan are eragin handiagoa duela: adinekoengan, landa-eremuetan bizi direnengan, desgaitasuna dutenengan, egoera administratibo zaurgarrian daudenengan edota bestelako diskriminazio gurutzatuak jasaten dituztenengan.
Testuan komunitatearen eginkizuna ere nabarmendu da: auzokideen arteko harreman-sareak indartzea, hurbiltasunetik babesa eta enpatia eskaintzea, eta indarkeria egoerak garaiz detektatzeko elkartasun-dinamika eraginkorrak sustatzea. Era berean, tokiko komunitate feministek egiten duten lana eskertu eta balioan jarri da.
Udalak hainbat konpromiso bere gain hartu ditu, besteak beste, laguntza-sare lokalak indartzea, harrera- eta integrazio-programak garatzea, zerbitzu publikoak eta tokiko elkarteak elkarrekin lotuko dituzten dinamika komunitarioak bultzatzea eta sentsibilizazio-kanpainak sendotzea.
Azkenik, Anoetako mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du Udalak, herritarrei gogoraraziz indarkeria matxistaren aurkako borroka kolektiboa dela eta komunitate osoaren inplikazioa behar duela.
