Hondakinen kudeaketak eragin zuzena du gaur egun gainean dugun eta dagoeneko ondorioak pairatzen ari garen larrialdi klimatikoan. Honen jakitun izanik eta norabide aldaketa baten beharra garbi izanik, atez ateko sistemari ekin zion Anoetako Udalak eta geroztik, birziklapen tasa hobetzen joan da urtez urte, 2023ko batez bestekoa %75etik gorako izatera iritsi arte.

Anoetako Udalaren apustuan beste pausu bat eman zen 2014. urtean. Auzokonposta guneak jarri ziren eta orain arte funtzionamenduan izan dira etenik gabe, egun, herrian 9 auzokonpostagune zabalduta izatera iritsiz. Gaur gaurkoz auzokonposta Anoetako Udalaren hondakin sistemaren erdigunean kokatu nahi da, hondakinak ahalik eta gertuen eta ahalik era naturalenean kudeatzea garrantzitsua delako.

Hondakinen inguruko legeen bilakaera ikusita, non kontrol eta jarraipen mekanismoak indartzera bultzatzen dituen udalak, Anoetako auzokonpostaguneak zerraila elektroniko bidez ixteko hautua egin du Anoetako Udalak. Erabaki honi tiraka auzokonposta eta autokonposta proiektuetan izen emateko epea zabaldu zuen udalak; auzokonpostan 219 etxebizitza apuntatu dira eta autokonpostan 18, herriko etxebizitzen %25 etik gora alegia.

Hondakin organikoa ondo sailkatzeak gaikako bilketan duen garrantzia ikusita, eta, sistema honen bidez organikoa kudeatzeak hondakinen garraio eta kudeaketa gastuan duen eragina ikusita, auzokonposta eta autokonposta bidez hondakin organikoa kudeatzen dutenek %10eko hobaria izango dute beraien hondakin tasan 2025. urtean.

Honez gain, Anoetako Udalak lanean jarraituko du sentsibilizazio lanekin herritarrak kontzientziatzen eta arlo honetan herriak dituen beharrei erantzuten.