Anoetako Udalak Administrazio Orokorreko Teknikari lanpostu bat bitarteko funtzionario bidez betetzeko hautaketa-prozesua jarri du abian. Lanpostua udalaren hainbat arlo estrategikotan jarduteko izango da, besteak beste, kontratazioan, etxebizitza publikoaren kudeaketan, giza-baliabideetan eta ondare-erantzukizuneko espedienteetan.
Deialdiko lanpostua A1 azpitaldekoa da, lanaldi osokoa, eta urteko ordainsari gordina 50.600,74 eurokoa izango da. Hautagaiek Zuzenbideko, Politika Zientzietako, Ekonomiako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu titulua —edo baliokidea— izan beharko dute, baita euskarazko 4. hizkuntza-eskakizuna ere, araudiak aurreikusitako salbuespenarekin.
Hautaketa-prozesuak bi fase izango ditu: lehenik, merezimenduen balorazioa egingo da, gehienez 26 punturekin; ondoren, puntuazio handiena lortu duten hautagaiek curriculum-elkarrizketa pertsonala egingo dute, gehienez 10 punturekin. Merezimenduen artean, administrazio publikoan edo sektore pribatuan eskuratutako esperientzia eta azken bost urteetako prestakuntza espezifikoa baloratuko dira.
Interesdunek LANBIDE Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez aurkeztu beharko dituzte hautagaitzak. Izena emateko epea 15 egun naturalekoa izango da, lan-eskaintza argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Hona hemen iragarkiaren esteka: https://labur.eus/qvonhqlb
Hautaketa-prozesuari buruzko iragarki, zerrenda eta jakinarazpen guztiak Anoetako Udalaren web-orrian argitaratuko dira.
