Bihar, ekainak 23 asteartea, San Joan bezpera dela eta, usadio zaharrak berrituz ohiko sua piztuko da Anoetan. Aurten, ordea, ezarrita dagoen tenperatura altuen alerta egoerak baldintzatuko du ekitaldia, eta Anoetako Udalak segurtasun neurri bereziak hartuko ditu edozein arrisku minimizatzeko.
Ekitaldi nagusia herriko plazan egingo da. Planak aurrera jarraituko du, baina aldaketa garrantzitsu batekin: behin sugar nagusiak gutxituta, sua berehala itzaltzeko prozedurari ekingo zaio, inguruko segurtasuna bermatzeko.
Herriko plaza nagusiaz gain, ohikoa izaten da Anoetako auzo eta baserrietan ere su txikiagoak piztea. Alerta egoera dela eta, Udalak herritarrei gomendatzen die aurten su horiek ez egitea, istripurik gerta ez dadin.
Hala ere, suteren bat piztea erabakitzen bada, kontu handiz eta oso adi ibiltzeko eskatzen zaie herritarrei. Beharrezko segurtasun-neurri guztiak hartu beharko dira eta, garrantzitsuena, amaieran sua erabat itzalita geratzen dela ziurtatu beharko da.
Udaletik erantzukizunez jokatzeko deia egiten zaie anoetar guztiei, festaz eta tradizioaz modu seguru batean gozatu ahal izateko.
