Anoetan martxan dago energia-komunitate bat sortzeko prozesua, eta herritar guztiei gonbidapena egin zaie ekimenean parte hartzeko. Energia-komunitateak partaidetza ireki eta boluntarioan oinarritutako erakundeak dira, eta bazkideen kontrolpean daude. Haien helburua da energiaren inguruko jarduerak garatzea, trantsizio energetikoa bultzatzea, energia aurreztea eta klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzea.
Anoetako komunitatea irabazi asmorik gabeko elkarte moduan eratuko da, eta bertan parte hartu ahal izango dute interesa duen edozein pertsona fisiko zein elkartek, ETEk edo toki-erakundeek. Kide izateak aukera emango du, besteak beste, instalazio fotovoltaiko baten autokontsumorako proiektu kolektibo batean parte hartzeko, erabakietan zuzenean eragiteko eta onura ekonomiko, sozial zein ekologikoak jasotzeko.
Energia-komunitateek, gainera, beste jarduera batzuk ere garatu ditzakete, hala nola mugikortasun elektrikoari, energia-aurrezpenari edo faktura elektrikoaren inguruko aholkularitzari lotutakoak. Euskal Herriko hainbat herritan jada badira halako komunitateak martxan, eta Tolosaldean ere antolatzen eta koordinatzen ari dira energia-komunitate desberdinak.
Garrantzitsua: gaur eta biharko dira izena emateko azken egunak. Azaroaren 14a baino lehen eman behar da izena, eskuorria Anoetako Udaletxeko harrera bulegoan entregatuz. Eskuorria Udaletxean bertan, udalaren webgunean eta sare sozialetan dago eskuragarri.
