Anoetako Udalak argitaratu du jada 2026ko herriko jaietako egitarau ofiziala. Aurten ere, herriko festak bi asteburutan banatuko dira (maiatzaren 29tik 31ra eta ekainaren 3tik 7ra), adin eta gustu guztietarako jardueraz jositako egitarauarekin.
Festen lehen zatia maiatzaren amaieran iritsiko da, erraldoiak dantzarazteko tailerrarekin, Anitz Dantza Taldearen ikuskizunarekin, Kuadrillen Eguneko kros eta txupinazoarekin, eta maiatzaren 31ko bertso saioarekin. Bigarren zatia, eta nagusia, ekainaren 3an (asteazkena) hasiko da Kukuaren jaitsiera eta Danborradarekin. Hurrengo egunetan ez dira faltako Ume eta Mozorro Eguna (barrakak merkeagoak izango dira), patata tortilla lehiaketa, Gazteen Eguna bakailao txapelketarekin, eta maila handiko musika emanaldiak (Joselu Anaiak, Tapia eta Leturia Band, Andoni Ollokiegi, eta abar).
Udaletik herritar guztiak gonbidatzen ditugu festetan parte hartzera eta kaleak dantzaz, doinuz eta elkarbizitzaz betetzera. Gozatu jaiak!
