Azken ikasturtean zehar, Eskola Kirolaren inguruan hainbat zalantza eta eztabaida sortu dira, eta horrek aukera eman digu orain arteko eredua aztertu eta etorkizunera begirako erronkak identifikatzeko. Egoera horren aurrean, Eskola Kirolak haur eta nerabeengan eta gure herrian egiten duen ekarpena balioan jarri dugu Anoetako Udalak eta Anoetako Herri Ikastolak eta, aldi berean, garai berrietara egokitzeko eta indartzeko beharrezko urratsak ematea erabaki dugu.
Eskola Kirola ez baita haurrei kirola egiteko aukera eskaintzea bakarrik. Jarduera fisikoaz eta kirolaz harago, haurren garapen pertsonal eta sozialerako hezkuntza-espazio garrantzitsua da. Bertan, besteak beste, talde-lana, errespetua, ahalegina, autonomia, berdinen arteko harremanak, gatazken kudeaketa eta elkarbizitza bezalako balioak lantzen dira. Horregatik, Eskola Kirola haurren ongizatea, heziketa integrala, segurtasuna eta inklusioa sustatzen dituen komunitate-proiektu gisa ulertzen dugu.
Hori guztia, ordea, ez da helmuga bat, egunero eraikitzen den prozesu bat baizik. Jadanik abian da Anoetako Eskola Kirolak kalitatezko zerbitzu bat izaten jarraitzeko eta garatu daitekeen horretan indartzeko lanketa.
Lanketa horren barruan, kirolaren arloa garatzeko eta eskaintzen diren baliabideak hobetzeko neurriak lantzen ari gara, baina baita kirol-jardueraren atzean dagoen hezkuntza-ikuspegia indartzeko ere. Izan ere, guretzat garrantzitsua da haurrek kirola egiteaz gain, kirolaren bidez ikastea, harremanak eraikitzea eta pertsona eta talde gisa haztea. Eta hori guztia gertueneko lagunen, hezitzaileen eta egituren bidez egiten bada, are aberasgarriagoa izango da, Anoetako komunitatea indartzen lagunduko baitu. Beraz, heziketa prozesu hau herrian bertan eta gertuko erreferenteekin garatzeari garrantzi handia ematen diogu, komunitatean hezi eta herrian errotzeko ikuspegitik.
Bide horretan, eskerrak eman nahi dizkiegu Eskola Kirolaren eguneroko funtzionamenduan lanean ari diren entrenatzaile, koordinatzaile eta zuzendariari. Haien konpromisoa, profesionaltasuna eta eguneroko lana funtsezkoak dira honek aurrera egin dezan. Era berean, familiei eskerrak eman nahi dizkiegu orain arte emandako konfiantzagatik eta egindako ekarpenagatik. Azken batean, Eskola Kirola guztion artean eraikitzen dugun proiektua da, eta komunitate osoaren inplikazioarekin soilik lortuko dugu Anoetako haurrek kirolaz gozatzeko eta, kirolaren bidez, hazteko aukera izatea.
Ikastolak bilera deitu du, irailaren 14ean 17:00etan aurtengo Kirol Eskolaren planteamenduaren berri emateko LHko gurasoei.