Historia garaikidea

Historia garaikidea

Testuinguru historikoa

XX. mendearen helduerarekin eredu ekonomikoa eraldatu egingo da eta nekazArama herriaaritza eta abeltzaintza ustiapen tradizionalak ez dira oso errentagarriak. 60. hamarkadan prozesu hau nabarmendu egingo da Euskal Herria osoan eta “euskal baserriaren krisia" hasiko da. Baserritarrek beren lurrak utziko dituzte udal barruan, edo inguruetan sortzen diren lantegiak okupatzeko.

Aldaketa hauek demografiaren hazkuntza handia ekarriko dute eta paisaian aldaketa nabarmena ere bai. Etxebizitza eraikin berriak eta industri poligonoak ordura arte nekazal lurrak zirenak betetzen hasiko dira eta pixkanaka biztanle berriak hasiko dira udalera heltzen. Demografia oso era bizkorrean haziko da urte gutxiren buruan.

Anoeta eraldatzen hasiko da. Mendeetan zehar aldaketarik gabe mantendu zen sakabanatutako baserriz, parrokia batez eta udaletxe batez osatutako udalak denbora gutxian bilakaera sakona izango du. Egoera jakin batzuk eta gertakari azpimarragarriak modu uztartuan gertatzen joango dira.

Komunitate lana 'Auzolana'

Komunitate lana, Auzolana, konstante bat izan da Anoetako historian. Antzina-antzinatik eta auzokideen lanari esker, guztien onerako ziren lan garrantzitsuak egiten zituzten: bideak egin eta garbitu, belarra segatu, azpiegiturak konpondu, Ieratxulo errota ustiatu...

Mende hasieran, iraganaren oinordetza gisa, Anoetako komunitatea bertako kide guztiek eskubide eta betebehar berdinak zituzten gizarte sare gisa eratzen zen. Hasiera batean, komunitate honetan ordezkaritzaren titulartasuna etxeko jabeak zuen. Komunitatean egindako lan honi esker, azpiegiturak sortzeko proiektu garrantzitsuak jorratzen ziren eta udalaren modernizazioa ahalbidetzen zuten proiektuak garatzen ziren baita ere.

Lehen azpiegiturak eta plagintza orokorrak

1938an, lehen aldiz, ura kanalizatu zen plazan kokatutako etxeetaraino, Udalarekiko independentea zen elkarte baten fundazioari esker. Gaur egun badira elkarte horrek eskaintzen zuen ur hornikuntza hura aprobetxatzen duten zenbait etxebizitza: Apaetxe, Urrutiñe eta eliza, besteak beste. Pixka bat beranduago trena heldu zen.

1940an geltokia inauguratu zen, honen kokapena erabakitzeko Irurarekin izandako eztabaida luze baten ondorioz. Garai hartan, papergintzaren sektoreak aldamenean dagoen Irura herria aberastea ahalbidetu zuen eta horrek bertako biztanle aberatsek amaierako erabakian eragin handia izatea zekarren. Kokapenaren arazoa konpondu ondoren, Irurako biztanleek geltokiak “Anoeta-Irura” izena eramatea eskatu zuten gutxieneko kalte bezala. Azkenean, On Dionisio Telleria apaizaren eskusartzeari esker, proposamenari ezezkoa eman zitzaion.

1942an, frontoia inauguratu zen. Garai hartan, guztiz estali gabea zen eta gaur egun ezagutzen dugunarekin alderatuta, berdintasun gutxi zituen. Bere izena “Alkartasuna” zen eta bere eraikuntza ahalbidetu zuen auzolanari egiten dio erreferentzia. 1942 horrez geroztik, hainbat eraldaketa izan ditu, hauetako zenbait halabeharrez, izan ere, denborale baten ondorioz estalkia galdu baitzuen, Anoeta haize zakar ugari dituen kokalekua dela baieztatuz.