Eduki publikatzailea
Atzealdea

­Osasun-arreta euskaraz eskatzeko deia egiten die Anoetako Udalak eta UEMAk herritarrei

Otsailaren amaieran kanpaina abiarazi zuen Osakidetzak, herritarrak osasun-arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraztera animatuz. Horren arabera, herritarrek hautatzen duten hizkuntzan izango dute harremana osasungintzako profesionalekin, eta hautatzen duten hizkuntzan jasoko dituzte gutunak, oharrak eta antzeko jakinarazpenak ere. Horregatik, UEMAk bere aldetik, herritarrek euskararen aldeko hautua egin dezaten sustatzeko komunikazio ekimen propioa abiatu du eta Anoetako Udalak bat egiten du aldarrikapenarekin.

2023·11·24


Orain arte, Anoetako osasun zentroko Osakidetzako erabiltzaileen %85ek adierazi du zein hizkuntzan jaso nahi duen osasun-arreta, eta horietatik %60k adierazi du euskaraz jaso nahi duela.

 



Dena dela, bost herritarretik batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik, eta batez ere horiei dei egin nahi diete Anoetako Udalak eta UEMAk, kanpainarekin bat egin dezaten eta osasun-arreta ere euskaraz eska dezaten.

Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen duten herritarren kasuan, asistentzia-aplikazioetako paziente-erregistroan zein bestelako identifikazio-elementuetan, e letra duen ikur urdina agertuko da, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea hautatu dela adieraziz.

Harremanetarako hizkuntza aukeratzea oso erraza da eta bi modutara egin daiteke:

  • Internetez, zure Osasun Karpetan sartu eta Datuak atalean hizkuntza zehaztuz: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osasun-karpeta/ab84-sercon/eu/

  • Osasun-zentroan bertan, harrerako langileari eskatuta.



Anoetako osasun zentroan ez dago euskarazko zerbitzua bermatuta

 

Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen betebeharra. Egun, Anoetako Osasun Zentroan ez dago herritar ororentzat euskarazko zerbitzua bermatuta, eta horregatik inoiz baino garrantzitsuagoa da ahalik eta herritar gehienek osasun-arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea aldarrikatzea, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatu arte.

 

Hain zuzen ere, Anoetako Udalak Tolosaldeko ESIra kexa bideratu zuen 2022ko urrian Anoetako Osasun Zentroan sendagile bat eta pediatra ez direlako euskaldunak. Gutun hartan pazientea euskalduna bada edo arreta euskaraz jaso nahi badu, zerbitzua euskaraz bermatu behar zaiola gogorarazi zion Udalak Osakidetzari eta Anoetako Osasun Zentrora mediku elebidunak ekartzeko eskaera egin zuen.

 

Tolosaldeko ESItik erantzuna jaso genuen azaroan, eta orduan “aldi batez” langile elebidunak izateko “ezina” adierazi ziguten. Hilabeteak aurrera egin ahala egoera ez da erabat aldatu, pediatra ez baita euskalduna, eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu gabe jarraitzen dute.

Gauzak honela, Udalak beste behin ere herritarrak animatu nahi ditu beraien hizkuntzaren hautua egitea. Zenbat eta eskaera gehiago jaso orduan eta errazagoa izango delako presioa egitea gure herriko egoera aldatzeko.

“Herritarron hizkuntza-eskubideak auzitan” hitzaldia Anoetan

Euskararen aurkako oldarraldi judizial bete-betean, herritarren hizkuntza-eskubideak zein diren azaltzeko eta urraketen aurrean nola jokatu lantzeko hitzaldia antolatu dugu Anoetan. Saioa azaroaren 29an izango da, 18:00etan, Anoetako udaletxeko pleno aretoan. “Herritarron hizkuntza-eskubideak auzitan” izenburupean, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak emango du hitzaldia. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei, oztopoak gainditzeko gakoak azalduko zaizkie hitzaldian, eta euskaraz bizitzeko nahia egunerokoan eta praktikan errealitate bihurtzeko zer egin ere landuko da.

 

Animatu hitzaldian parte hartzera! Hizkuntza-eskubideak guztionak dira!