Eduki publikatzailea
Atzealdea

'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina abiarazi du UEMAk

'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina abiarazi du UEMAk, euskaldun arrazalizatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko deia eginez

2023·11·13


Sustraiak beste herrialdeetan izan arren gurean errotu diren hainbat euskaldunen eskaria da kanpaina, hasiera batean gainerako herritarrek euskara ukatzen dietela sumatuta. Euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek guztiak euskaldunak direla gogoratu nahi du kanpainak.

Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen, UEMAk gaur Ibarran aurkeztu duen Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari aurpegia jarri dioten lagunak.

Senegalen, Dominikar Errepublikan, Saharan, Pakistanen, Ukrainan, Marokon, Ekuadorren eta Euskal Herrian jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Ondarroan, Leitzan, Ibarran, Zestoan eta Zaldibian bizi dira, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere badira beste dozenaka Abdallah, Leen edota Arlenys, zorionez.

Urdua, arabiera, mandinga, kitxua, ukrainera, gaztelera edota euskara jaso dute etxean. Euskara, zehazki, lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat. Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean.

Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen. Euskaldunak direlako. Kanpainako bideoetan adierazi duten moduan, "badakigulako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigulako".

Horregatik, beraiekin ere euskaraz egiteko eskatu nahi izan diete gainerako herritarrei. "Euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren", adierazi dute gaurko agerraldian izan diren Aimar Toma eta Andriy Tsera ibarrako ikasleek, esaterako.