Web edukia bistaratu

Urtean zeharreko ekintzak

Kaldereroak

Ihauterien aurreko ostiraleanospatzen da Anoetan Kalderero festa, Udalak eta Loatzo Musika Eskolak antolatuta. 18:00etatik aurrera kalejira egiten da herritik, txaranga batek alaiturik, ihauteria ate joka dagoela iragarriz herrian zehar.

Partaide asko, ume eta heldu, aritzen dira kalean gora kalean behera zartagina eta mailuari joz. Eta noski, ondoren txistorra jatea izaten da plazan bertaratutako guztientzat.

 

Santa Ageda bezpera

Santa Ageda bezperako jarduna, Santa Ageda eskea izenez ere ezaguna, Euskal Herriko hainbat tokitan ospatzen den jai herrikoi tradizionala da, Agata Cataniakoaren omenez otsailaren 5ean eta bezperan ospatzen dena, egun horretan Eliza Katolikoaren santutegiko santu haren omenezko egunari jarraituz.

Euskal Herriko herri askotan, ohitura da egun horretan edo bezperan herrietan kopla zaharrak kantatzea, makilekin lurra joaz erritmoa markatuz, diru edo janari eskean, jantzi tradizionalekin eta kriseilua lagun. Koplako bertsoak koblakari bakar batek abesten ditu maiz, eta taldeak leloa.

Anoetan bezperako ohitura mantentzen da oraino ere (beraz Otsailaren 4ean), eta espero hala jarraitzea.

Dantza soka eguna

Dantza-Soka Eguna Ihauterien aurreko larunbatean ospatzen dugu Anoetan.

Hainbat urtetan galduta egon ondoren, 2003an berreskuratu zen ohitura hau.

Herriko gazteak baserritarrez jantzita joaten dira goizean baserrietatik, eta baserri bakoitzean dantza eskaintzen dute. Eguerdian plazan amaitu eta hantxe eskaintzen dute dantza-soka, neskak eta mutilak urtero txandaka.

Kuku elkartean bazkaldu ondoren, arratsaldean erromeriaz gozatzeko aukera egoten da. Erromerai atlde bat etortzen da eta herriko talogileak lan eta lan ibiltzen dira etengabe arratsalde osoan. Primerako eguna!

San Joan bezpera eta San Joan eguna

Ekainaren 23an urteko egunik luzeena ospatzen dugu. Hortaz, 18:00etan buruhandi eta erraldoien kalejira egiten da, herriko txistulariek alaiturik. Eta 21:00ak aldera herri afaria plazan.

22:30ean sua pizten da, eta herriko ume eta helduen koroak hainbat abesti kantatzen ditu. Gero, umeak saltoka ibiltzen dira suaren inguruan, eta erromeria egiten da Anoetako Markox Landa aita-semearen ahosoinuaz alaiturik.

Ekainaren 24an Jubilatuen Eguna ospatzen da. Meza Nagusia egiten da, eta dantzariek dantza egiten dute jubilatuen omenez. Ondoren, udalak bazkari ederra oparitzen die.

 

Euskal jaia

Euskal Jaia urriko bigarren igandean antolatzen dugu urtero. Jai honen helburua gure euskal naziotasuna aldarrikatzea da, hala nola baserri munduari gure babesa adieraztea.

Egitarau oparoa izaten da Euskal Jaian, eta primerako giroa egoten da herrian, goizean goiz joaldunen hots berezietatik hasita.

Azokan baserritar eta artisauen postu asko izaten dira, eta baita erakustaldi interesagarriak eta bitxiak ere, ardo dastaketa Bentaldea Bodegoiaren eskutik...., eta musika ere ez da falta egun osoan zehar: txistulariak, dultzaineroak, Loatzoko musikariak...

Eguerdian 200 lagun baino gehiagok hartu ohi du parte txekor jatean, eta arratsaldean festarekin jarraitzen da: erromeria, taloak.... Urtetik urtera geroz eta arrakasta handiagoa du Euskal Jaiak, eta hori pozgarria da.

Gabonetako egitaraua

Abenduaren 24an ospatzen dugu. 18:00etan etortzen dira Olentzero eta Mari Domingi Isasti menditik asto gainean, eta herriko kaleetatik egiten dute kalejira antortxen artean, Anoetako Herri Ikastolako umez lagundurik eta Loatzo Musika Eskolako trikitilariek alaiturik.

Plazan egiten zaien ongi-etorrian herriko Anitz Dantza Taldeak, Loatzo Musika Eskolak eta Anoetako Gazte Asanbladak hartzen dute parte.

Ondoren, gozokiak banatzen dizkiete umeei, hauen gozamenerako. Gogoa eta ilusioa haien begietan!

Erregeen Kabalgata urtarrilaren 5ean egiten da. Basagain menditik ateratzen dira erregeak 18:00etan, eta oinez iristen dira plazara (euria egiten badu, traktorean), herriko txistulari taldeak alaiturik, eta antortxak daramazkiten ikastolako ikaslez inguraturik. Plazan umeekin egon eta gozokiak banatzen dizkiete. Umeak pozik eta alai, noski!!