Zaintza tabloia udaletxeko kortxoan
2020·06·19
Aurtengo uda honetan, asko hausnartu ostean, udalekuak ez antolatzea erabaki genuen. Ezin dugu bermatu segurtasun neurriak zehatz-mehatz beteko ditugunik; batez ere, orain arteko udaleku irekiek izan duten formatua kontuan izanik. Badakigu erabaki horrek haurrengan, nerabeengan, udalekuetan lan egin nahi zuten pertsonengan eta familiengan eragina izango duela, eta benetan, sentitzen dugu.
Orain arte, eragin hori nolakoa izan litekeen hausnartzen aritu gara, irtenbide edota esku-hartze bat eman nahiean. Esate baterako, udalekuak ez antolatzeak zaintza arloan sor dezakeen gora-beherei irtenbidea emateko, zaintza tabloia sortu dugu. Tabloiaren xede nagusia, zaintza arloan lan egin nahi duten herritarren eta familien arteko harremana erraztean oinarritzen da. Bertan, zaintzan arloan lan egin nahi duen herritar orok parte-hartu dezake. Nola? Parte-hartu nahi duenak udaletxetik pasa beharko du bere datuak (izena, lehen abizena, bigarren abizena eta telefono edo e-maila) eman eta publikatzeko baimena ematen duela adierazten duen dokumentua sinatzera. Guk, iragarkia udaletxeko kortxoan jarriko dugu.
Haur eta nerabeak, udalekurik gabe, antolatutako aisialdirik gabe gelditu dira. Egoera horri zer esku-hartze egin pentsatzen gabiltza. Argi dugu haur eta nerabeen aisia beste modu batean bermatu behar dugula. Horregatik, uztailean zer antolatu, nola, noiz... pentsatzen ari gara. Hilabetea gutxi gora-behera antolatuta dugunean informatuko zaituztegu. Espero dugu ahalik eta azkarren izatea.
Esan bezala, garrantzitsua iruditzen zaigu herriko haur eta nerabeei aisia eskaintzea; haur eta nerabeen beharretako bat baita jolastea. Ekintzen antolaketan parte-hartu nahi izanez gero edota dituzun ideiak gurekin konpartitu nahi izanez gero, jar zaitezte beldurrik gabe gurekin harremanetan (688761343 edo gazteria@anoeta.eus). Esku zabalik hartuko zaituztegu!