Albisteak
Atzealdea

Urtebeteko probaldian 7.590 kilo hondakin bildu dituzte Anoeta inguruko naturaguneetan

Pello Estanga alkatea: “Ikusi da garbiketaren beharra benetakoa zela, eta, oraindik, sentsibilizazioan zeregin handia dagoela”.

2022·05·12


Hilero astebetez herriko inguruneak garbitzeko hitzarmena egin zuen Udalak URZAIN taldearekin, eta urtebeteko probaldian 7.590 kilogramo hondakin bildu dituzte Anoetako inguruetatik.

Pello Estanga alkateak kezka adierazi du egoeraren inguruan: “Ikusi da garbiketaren beharra benetakoa zela, eta, oraindik, sentsibilizazioan zeregin handia dagoela”; eta garbiketa-lanen garrantzia ere ekarri du gogora: “Beharrezkoa zen hondakin sakabanatu horiek biltzea tokiko eta itsasoko ekosistemak kaltetu ez ditzaten”.

Ingurunea garbi mantentzeko neurri eraginkor gehiago ere hartu ditu udalak. Batetik, txakurren kakak biltzeko posteak jartzea jendea paseoan ibiltzen den inguruetan, garbiketetan ohartu baitziren errekan txakur-kaken poltsa asko agertzen zirela. Bestetik, hondakin gehien bildu den herriko lau puntutan kartelak jarriko dira jendeari ohartaraziz hondakinak botatzea debekatuta dagoela; eta herriko bi aisialdi-eremutan ere jarriko dira kartelak gunea garbi mantentzeko.

Udal ordezkariak jabetzen dira oraindik lan bikoitza egiten jarraitu behar dela, batetik, inguruneak garbitzea; eta jendearen kontzientzia piztea, bestetik. Dena dela, urtebeteko probaldiak erakutsi du garbiketa-saioak baliagarria izan direla, eta epe motzean pausoak emango dira zerbitzuarekin jarraitu ahal izateko.