Albisteak
Atzealdea
Udaleko Leihotik Herrira III, genero ikuspegiarekin
Udaleko zinegotziek saio berri honetan emakumeen egoeraz hitzegin dute Sheila Melcon Lopez psikologoarekin
2020·06·10
Covid-19ak eragindako krisi honek gizarte eraldaketa bat ekarriko duela jakina da. Konfinamenduko momentu hauetatik hasita, “post-koronabirus” aroa datorkigu. Ez dakigu zer eta nola joango den baina jakina da gizarteko balore, pentsaera eta bizimodu berri baten aurrean egon gaitezkeela.
Eraldaketa berri honetan, udalak herriarekin eta herritarrekin bat eginik egon nahi du. Guztion artean eraikiko baitugu elkarbizitza berria; elkarlaguntzan eta ongizate sozialean eta kolektiboan oinarrituko den herria eraikiko dugu.
Horretarako, oraingoan, Sheila Melcon Lopez psikologo eta genero indarkerian adituarekin elkarrizketa saio bat egin dugu, konfinamenduaz eta datorrenaz genero ikuspegiarekin hausnartzeko asmoz. Emakumeek egunerokoan bizi duten egoera konfinamenduak azalera ekarri duela adierazi du psikologoak, eta egoera honetan zaintza lanen zamari eustearen zailtasuna azpimarratu du, emakumeengain geratzen dena berau. Aurrera begirako erronkak ere ekarri dira mahai gainera elkarrizketan, eta batez ere, egoerari eusten eta sostengu izan diren emakume horiek behar duten laguntza eta saretzea azpimarratu dituzte.
Aurretik grabatutako saioak izango dira. Eta herritarrak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera, euren kezka, jakin min edo bizipenen inguruko kontsultak Izarri bideratzeko. Horretarako, eiztueta@udala.eus helbide elektronikoa erabil dezakezue eta ondorengo saioetan helarazten dizkiguzuen gaiak kontutan hartu eta lantzen saiatuko gara.