Albisteak
Atzealdea

Udalak parte-hartze prozesua jarriko du martxan Laxarbe errekaren inguruan aisialdi gune berria elkarlanean adosteko

Apirilean jarri nahi dute martxan, eta ekainera bitarte irautea aurreikusten dute.

2022·03·23


Udalak parte-hartze prozesu berri bat jarriko du martxan Laxarbe errekaren inguruan egin nahi den aisialdi eremu berria herritarrekin elkarlanean adosteko.

Gune berri hau egiteko Oinherri herri-hezitzaileen sarearen oinarriak hartuko dira oinarri gisa. Horretarako, Anoetako herri hezitzaileen taldearekin adostu dira parte hartze prozesu honek eta guneak zer-nolako ezaugarriak izan behar dituen. Biodibertsitatea ardatz izango duen gune natural bat sortzea, ura ardatz izango duena -egin diren beste parte hartze prozesuetan urak presentzia izango duen gunea sortzearen ideia atera izan da-; jolas libreko gunea izatea; herriko adin-tarte ezberdinekoentzat erabilgarria eta sozializatzeko izango dena; eta genero begirada kontuan izanik, puntu beltzik izango ez duena.

Prozesua martxan apirilean jarri nahi da eta ekainera bitarte iraungo duela aurreikusten dute. Ikastolako ikasleak izango dira parte-hartzen lehenak eta ondoren, hauek egindako proposamenen gainean egingo dituzte gainerako saioak; bat herriko gazteekin, bestea jubilatuekin eta azkena herritar guztientzat irekia izango dena.