Albisteak
Atzealdea

Sureuskadi enpresak kudeatuko du Abraham Olano kiroldegia

Kiroldegiko harrera-zerbitzuaz soilik arduratuko da enpresa, eta harreran lan egingo duten langileak orain arteko berak izango dira.

2021·09·09


Sureuskadi enpresak kudeatuko du Abraham Olano kiroldegia. Esleipen prozesuan aurkeztu zen enpresa eta harrera-zerbitzuaz arduratuko da. Kiroldegiko harreran lanean arituko diren langilean aurretik zeudenak izango dira. Zerbitzua emateagatik enpresak urtean 72.116,16€ kobratuko ditu. Hasiera batean urtebeterako izango da kontratua, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Bestalde, kirol-jardueren irakasleen kontratazioa aparte kudeatuko du Udalak.

Anoetako kiroldegia gaur ireki dute abuztuan itxita egon ostean, eta datorren kurtsoan eskainiko diren ikastaroak honakoak dira: helduentzako hainbat kurtso egingo dituzte, horien artean, tonifikazioa, cycling, zumba eta cross training; haurrentzako, berriz, gimnasia erritmikoa eta Goazen! dantza.

Izena emateko epeari dagokionez, Anoetan erroldatutakoek irailaren 13tik 17ra bitartean egin beharko dute, abonatuek hilaren 20tik 22ra, eta deialdi irekia irailaren 23tik 27ra izango da (anoetarrek lehentasuna izango dute). Irailaren 27an ate irekien saioa egingo dute.

Horrez gain, kiroldegiak hainbat ohar helarazi ditu:

  • Ikastaroetan izena ematen duenari hiruhileko osoa kobratuko zaio, eta ez zaio dirurik itzuliko lehenago uzten badu.
  • Ikastaroetan alta edo baja emateko, inprimakia bete behar da kiroldegian. Ahoz esatea ez da nahikoa izango.
  • Inprimakiak buzoiaren ondoan daude. Bete eta buzoian bota edo kiroldegiko harreran aurkeztu.