San Isidro eguna, 2020. Guregandik, zuengatik BERTAKOA BERTATIK
2020·05·15
Aurtengo San Isidro eguna berezia izango dela ezin ukatu. Ez dugu jende artean ospatzerik izango, baina horregatik ez genuke ospatu gabe utzi nahi. Hori dela eta, Anoetako Udalak bideo bat egin du, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuz. EH Bildu eta EAJko zinegotziek hartu dute parte bideoan entzuten diren ahotsetan.
Lehenago, herritar gehienak baserritarrak zirenean, herri osoko festa izaten zen San Isidro eguna. Azken hamarkadetan aldiz, errotik aldatu zaigu bizimodua eta, ondorioz, herri osoko festa izatetik, baserritarrek soilik ospatzen duten eguna izatera pasa da. Urteak dira, egun horretan, Udalak eta baserritarrek otordu bat egiten dutela, baina ohartuak ginen herritarrek ez zutela horren berri eta egunerokotasunean ere eten egin direla herritarren eta baserriaren arteko loturak. Honi guztiari buelta eman nahian, aurtengoan, maiatza osoko egitaraua osatzekotan ginen, tokiko elikadura osasuntsuaren ekoizpenak duen garrantzia azpimarratu eta, berriz ere, herria eta baserriaren arteko zubiak eraikitzen hasi asmoz.
Baina, bideoan diogun bezala, maiatzak etxean harrapatu gaitu eta ez dira hilabete errazak izaten ari. Baina, irakaspen handiak eman dizkigu garai honek. Ikusi ditugu baserritarrak, etenik gabe, baratzeetan eta ukuiluetan lanean, elikagaiak ekoizten. Ikusi ditugu herriko dendariak, egunez egun, herritarrei lehengaiak eskaintzen. Eta ikusi ditugu herritarrak, inoiz baino gehiago, herriko dendetan erosketak egiten. Kate hori ikusita, uste dugu, aurtengoan San Isidro eguna ospatzeko tokirik aproposena etxeko sukaldea dela. Izan ere, bertan aukeratu genezake bertakoa edo munduko beste puntatik datorrena kontsumitu, herriko dendan erosi edo supermerkatuan, biodibertsitateari eusten diona edo hau suntsitzen duena kontsumitu, tokiko komunitatea indartzen duena edo gure lurraldera batzen ez gaituena aukeratu…
Baserria, beste gauza askoren artean, elikadura osasuntsuaren bermea dela uste dugu eta maiatzaren 15z geroztik ere, hau indartzen jarraitu nahi genuke herritarrekin batera. Horregatik, duela bi urte martxan jarri genuen Bertakoa Bertatik kanpainan hasiera eman genion bezala, lurretik platerera bitarteko kate horretako kate-begi bakoitza indartuz jarraitu nahi dugu. Izan ere, jaten dugunetik ere egiten dugu Anoeta.