Albisteak

Atzealdea

Praktikatu eta bizi!

Mintzalagun egitasmoan parte hartzeko izen-ematea, zabalik

2017·09·08


2017/18 ikasturte berriarekin batera, martxan jarriko dugu Anoetako Mintzalagun programa. Honako hau lehenengo ikasturtea izango da, beraz, Euskal Herri osoan ezaguna den fenomeno honek indarra hartu behar du gure herrian ere, eta, horretarako, guztion parte hartzea ezinbestekoa izango da. Hori dela eta, Praktikatu eta bizi lelopean, anoetar guztion eskura jarriko da aukera hau. Astean ordubete baino ez da, dohainik eta nor bere ordutegietara egokituta.

Hizkuntzaren ikaskuntzan, alboan utzi ezin daitekeen kontua da ikasitakoa praktikan jartzea, ez da gauza berria; euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu eta, finean, euskaraz bizitzeko aukera izango du izena ematen duenak. Mintzalaguna euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Bertan, edozeinek har dezake parte, euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan...

Izena eman nahi dutenek Andoaingo AEK euskaltegian edo Udaleko euskara zerbitzuan dute izena emateko aukera, baita telefonoz (943 591 704) edo e-mailez (andoain.aek@gmail.com) ere. Animatu eta parte hartu.

 

GURASOLAGUN

Mintzapraktika Egitasmoak hazten doazen neurrian eta jende gehiago hurbiltzen doan heinean, beharrizan berriak eta proposamen ezberdinak agertuz doaz gure mintzapraktika egitasmoen baitan. Honen adibiderik garbiena GURASOLAGUN da.

Euskararen transmisioa bermatzeko, ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntz harremanetan eragitea. Ekimen honen helburua hauxe da: guraso euskaldunak edota euskaraz ikasten ari direnak, egoera berdinean dauden beste guraso batzuekin harremanetan jartzea; plazan, parkean, asteburuko txangoetan... familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortzea. Horretarako, guraso eta umeekin mintzataldeak, tailer txikiak, irteera edo txangoak antolatzen dira.

Bada, ikasturte berriarekin batera, Anoetako ikastolarekin elkarlanean martxan jarriko da Gurasolagun. Beraz, Ikastolan Gurasolagunen kartel esanguratsua ikusten baduzu, edota informazio orria ematen badizute, ez dudarik egin, joan idazkaritzara edo udaletxera eta eman izena.