Albisteak
Atzealdea

Modestoenea, herriarentzat

Anoetako udalak ‘Modestoenea’ etxea erostea erabaki du aho batez.

2022·11·10


Anoetako udalak Modestoenea etxea erosiko du datozen asteetan. Udal talde osoaren adostasunarekin hartu da erabakia, eta joan den urriko udalbatzan onartu zuten erosketa egiteko 450.000 euroko kreditu-aldaketa.

Eraikina erostearen helburu nagusia da Anoetako herri-ondarea babestea, eta horrela azaldu du Pello Estanga alkateak: “Herritarrentzat balio sentimental handia du Modestoeneak; aisirako elkargunea izan da hainbat eta hainbat generaziorentzat”. Epe laburrean, beraz, erostea erabaki dute ondarea babesteko, eta aurrera begira, berriz, irekita dituzte ate guztiak.

Alkateak esan duenez, asmoa dute herritarrekin batera hausnartzeko zein funtzio izango duen eraikinak etorkizunean; eta hori lortzeko modua partehartze-prozesu bat abiatzea izan liteke, beste gai batzuekin egin duten moduan.

Modestoeneak funtzio sozial garrantzitsua bete zuen XX. mendean, Anoetako hainbat belaunaldirentzat bilgunea izan baitzen, eta, horrez gain, estankoa, denda eta taberna ere izan zen hamarkada luzez.