Martxoan hasiko dira Herriko Plaza berritzeko lanak
2021·02·03
Guztira lau enpresa aurkeztu ziren herriko plazako obra egiteko proposamenarekin eta aukera egokiena hautatzeko prozedura jarraitzen ari da Udala. Berritze obra bi fasetan egingo da: lehenengo, plazako irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira. Martxoaren hasieran ekingo diote lanari eta lau edo bost hilabete iraungo ditu lehen faseak. Bigarren fasean, berriz, plazarako estalki berdea egingo da. Aurreikuspena da obra lanak urte honen amaieran edo datorrenaren hasieran hastea; azken horiek hilabete inguru bakarrik iraungo dute.
Udalak obra egiteko 171.262,60€ko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzatik. Horren bitartez, gutxi gorabehera obraren herena ordainduko du; kostu osoa 489.321,71 €koa da. Herritarrek lanen nondik norakoak jakin eta azken emaitza irudika dezaten, obraren planoaren kartel informatibo bat ere jarriko du Udalak herriko plazan.