Albisteak
Atzealdea

Martxoak 8, emakumeen nazioarteko eguna

Hainbat mobilizazio antolatu dituzte herrian.

2021·03·08


Emakumeen nazioarteko eguna dela eta, hainbat mobilizazio antolatu dituzte herrian. Udalak horietan parte hartzeko deia egiten du. Gaurko egunaren harira, Udalaren oharra:

Duela ia urtebete gure jendartea eta bizitzeko moduak astintzen zituen Covid-19ak eragindako pandemiak, inoiz ez bezala. Krisi multidimentsional eta sistemiko bat bizi dugu, aurrekaririk gabekoa, lehendik zetozen beste krisi batzuekin gurutzatzen eta lotzen den krisia, hala nola, krisi ekologikoarekin eta zaintza-krisiekin.

Pandemiak agerian utzi du gordinki feminismotik aspaldi aldarrikatzen ari zena: ezerk ez du bizitzaren zaintza baina garrantzitsuagoa izan behar. Pandemiarekin zaintza muturreraino ahuldu eta prekarizatu den honetan, bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustu erradikala egiteko unea da.

Krisi honek ezberdintasunak areagotzea eta emakumeen eskubideetan atzerapena eragin ez dezan, are premiazkoagoa da genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzen duten neurri feministak hartzea.

Irtenbidea ez da pandemiaren aurreko egoerara itzultzea, emakume gehienek lehenago ere bizi baitzuten diskriminazioa eta eskubideen urraketa: orain da unea pandemian areagotutako larrialdiei erantzuna emateko, eta, aldi berean, guztiontzako bizitza duina bermatzea eta zaintzea lehentasuntzat joko duen antolaketa sozial, ekologiko eta ekonomikoko sistema bateranzko oinarri sendoak ezartzeko.

Uste berekoa da Pello Estanga alkatea ere: “Egun honek balio behar du udal honek politika publiko-komunitario feministekin duen konpromisoa berresteko, krisiaren ondorioen larritasunaz ohartzeko eta erdigunean bizitza zainduko duen gizarte-eredu baterantz joateko”.