Martxan da ‘Hileko osasuntsua’ kanpaina
2021·12·15
Udalak hilekoa osasuntsu bizitzeko proiektua aurkeztu zuen atzo. Prentsaurrekoan izan ziren udal taldeko kideak, teknikariak, Anoetako Herri Ikastola, eta Guretzako eta Matraka talde feministak. Hilekorako produktuen inguruko lanketa egin dute udaleko Parekidetasun eta Ingurumen sailek; eta egitasmoa diseinatzeko Marigorri eta Menstrualmente Hablando elkarteen laguntza izan dute. Saioa Tolosa Zubelzu Anoetako Parekidetasun zinegotziaren hitzetan, berritzailea da egitasmoa: “Ekimen berritzailea dela uste dugu, gizarteko ia gorputzen erdiek hilekoa izanagatik ere ezkutuko errealitatea da, hainbatetan tabu izateraino. Errealitate hau ezagutzea, zenbakitara ekartzea eta errealitateari buelta emateko alternatibak lantzea eta ezagutaraztea da ekimenaren helburua”.
Kanpainako lehen ekimena gaur izango da: gaiarekin lotutako erakusketa jarri dute liburutegian; gaur zabalduko ditu ateak eta ikusgai egongo da urtarrilaren 14ra bitarte. Hurrengo ekimena datorren larunbatean egingo dute, hain zuzen, hilekorako produktuen banaketa. 12:00etatik 13:30etara herriko plazan arituko dira hilekorako kopak, eta kulero zein konpresa berrerabilgarriak banatzen. Produktuak doan banatuko dituzte, baina hainbat irizpide bete behar dira jasotzeko:
- Anoetan erroldatuta egon behar da.
- Pertsona bakoitzak gehienez beste pertsona batentzat ere hartzeko aukera izango du.
- Pertsona bakoitzak gauza bat hartzeko aukera izango du. Hasiera batean hileko-kopak banatuko dira, eta kuleroak eta konpresak kopekin moldatzen ez badira bakarrik.
- Pertsonen izen-abizenak eta karnetaren zenbakia jasoko dituzte.
Horrez gain, hiru formakuntza saio ere egingo dituzte: lehena euskaraz egingo dute, eta abenduaren 23an izango da, 18:30ean, gela balioanitzean; bigarrena, ordu eta toki berean egingo dute abenduaren 28an, eta gazteleraz izango da; hirugarrena ere abenduaren 28an izango da, 18:30ean, baina Gaztelekuan egingo dute, bertako erabiltzaileentzat.
Sakoneko lanketa
Anoetako Udal taldea 2020. urtean hasi zen hileko osasuntsuaren aldeko kanpaina honen ideia lantzen. Horretarako, 2021. urteko aurrekontuetan 12.000 euroko partida onartu zen. Horietatik, 7.500 € inguru erabili dira atzo aurkezten zuten kanpaina gauzatzeko. Lanketa honek aukera ematen du udal politiketan parekidetasuna zeharkakotasunez lantzeko. Izan ere, Anoetako Udalak 2011. urtetik jasotzen du aholkularitza Berbinbideanetik, eta politika feministak garatzeko bestelako barne mailako nahiz herritarrekin egindako beste hainbat formakuntza ekimenetan ere parte hartu du.
Egitasmo honen barruan Udaleko hainbat sailetako gaiak uztartu dituzte, besteak beste, parekidetasuna, ingurumena errespetatzea eta euskara. Nola? Bada, produktu berrerabilgarriak banatuko dituzte, horrela hondakin kopurua jaistea helburu; aipatutako produktuak tokiko merkataritzak ekoitzi ditu; erabilera-argibideak euskaraz, katalanez, ingelesez eta gazteleraz dituzte; gizarte-sailetik menstruazio-pobrezia lantzeko aukera izan dute; herriko plazako komun publikoetan tutu bat jarri zuten kopak garbitzeko eta liburutegirako gaiari lotutako hainbat liburu ere erosi dituzte.