Martxan da herriko plazako obraren azken fasea
2023·03·30
Herriko plaza berritzeko obra azken fasean sartu da, joan den astean hasi baitzituzten estalki berdea jartzeko lanak. Aterpea bukatuta egongo dela aurreikusten dute maiatzaren erdialderako, eta lanek iraun bitartean itxita egongo da bi plazen arteko pasabidea. Momentuz estalpearen zutabeak jarri dituzte, eta, jarraian, teilatua osatzeari ekingo diote.
Herriko plaza berritzeko egitasmoa herritarrekin eginiko parte-hartzean oinarrituta erabaki zen, helburu izanik herriko plazan estalpe berri bat egitea eta irisgarritasuna hobetzea. Genero eta ingurumen begiradak zeharkakotasunez landu dira. Hala, komun publikoen diseinuan eta puntu beltzak ekiditean genero begirada presente izan da. Bestalde, plaza inguruan berdeguneak eta estalki berdea diseinatu dira, ingurumen aldetik erresilienteagoa den espazioa sortuz.
Berrikuntza gehiago
Plazaren alboko jolaslekuko aterpea ere berritu egin dute, eta aurretik zegoena baino sendoago bat jarri da. IAR enpresak egin ditu berritze-lanak eta elkarlanean aritu da udaleko obra lantaldearekin. Aterpe berria aurrekoa baino iraunkorragoa izatea helburu, egurrezko sabaia eta sandwich motako panel batekin osatu dute.