Albisteak
Atzealdea

Larrialdiak iraun bitartean errefusa ez da atez ate bilduko

Lurrean utzitako poltsak ekidin eta langileen eta herritarren segurtasuna bermatzeko errefusaren edukiontziak jarri ditugu

2020·03·24


Anoetako Udalak errefusaren edukiontziak jartzea erabaki du larrialdi egoera honek irauten duen bitartean. Edukiontzi hauek ontzi arinen eta paperaren edukiontzien ondoan kokatu ditugu. Egoerak irauten duen bitartean, errefusa ez dugu atez ate aterako eta edukiontzi grisean botako dugu. Gainerako hondakinak lehen bezala bilduko dira: papera, ontzi arinak eta beira edukiontzietan eta organikoa atez ate.

Erabaki honen arrazoiak azaldu nahi dizkizuegu:

  1. Mankomunitateko biltzaileen segurtasuna bermatzea. Kuboak eskuz jaso beharrean, edukiontzia kamioiarekin jaso dezaketelako.

  2. Lehengo asteko bandoan esplikatu genuen bezala, koarentenan edota isolatuta daudenek hondakinak ez dituzte birziklatu behar. Beraz, hauek errefusa bolumen handiagoa sortuko dutenez, bilketarako maiztasuna ere handitu beharra ikusten zen.

  3. Lehengo asteko bandoan, garbi utzi genuen guztiz debekatua dagoela hondakinak lurrean uztea. Lurreko poltsa horiek herriko langileek edota mankomunitatekoek jasotzen dituzte. Hondakinak lurrean utziz hauen segurtasuna eta herritar guztiena arriskuan jartzen da. Jakinarazpen hauek eginagatik lurrean poltsak agertu direnez, edukiontzia jartzea erabaki da.

Hala ere, garbi utzi nahi dugu inoiz baino garrantzitsuagoa dela birziklatzen jarraitzea eta ahalik eta errefus gutxien sortzea. Isolamenduan edo koarentenan daudenak bakarrik dira ez birziklatzeko agindua dutenak. Beste behin, arduraz jokatzeko eskatu nahi dizuegu. Eta honakoak kontuan izateko eskatzen dizuegu:

  1. Errefusaren ontziak erabili eta botatzekoak diren guanteekin irekitzea.

  2. Beharrezkoa denean bakarrik ateratzea errefusa. Atez ateko maiztasunak errespetatzea. Isolatuta edota koarentenan zaudeten etxeetan ulertzekoa da maiztasuna ugaritzea.

  3. Edukiontziak beteta baldin badaude hondakinak lurrean ez uztea. Udalari jakinarazi eta hustu arte itxaron. Horretarako deitu udaletxera edo idatzi ingurumena@anoeta.eus helbidera.

  4. Berriro ere azpimarratu nahi dugu, urte guztian bezalaxe, orain ere debekatuta dagoela hondakinak lurrean uztea. Langileen eta herritar guztion osasuna bermatzea denon ardura da.

Arduraz jokatu eta eutsi goiari, elkarren arteko errespetuz eta zaintzaz aterako gara egoera honetatik.