Landa-eremuko lursailak topografikoki mugatuko ditu udalak
2022·11·03
Anoetako Udalak proiektu berria du eskuartean: landa-eremuko lursaiak topografikoki mugatzea. Herriko adinekoengan dago landa-eremuaren ezagutzaren zati handi bat eta, beraz, baita lursailen mugarriena ere. Horregatik, garrantzitsua da ezagutza hori jasotzea, eta, muga fisikoez gain, altxaera topografiko bidez dokumentatuta uztea. Proiektu honen bidez, adinekoen eta ondorengo belaunaldien ezagutza partekatu eta zubi lana egin nahi da. Anoetako Udalaren ustez, ezagutza da kudeaketarako eta erabilerarako lehen pausoetakoa.
Proiektua egiteko Geograma enpresa kontratatu du udalak, eta 362 hektareako azalera okupatzen duten 525 lursail mugatzeko lanak hasiko ditu. Horretarako, 48.000 €-ko inbertsioa egin da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa ingurunearen Departamenduak 10.000 €-ko dirulaguntza eman du.
Azaroaren 8an hasiko da egitasmoa, eta, aldi berean, bilera informatibo batera deitu dira Gipuzkoako Landa Lurren Katastroan ageri diren 131 lurjabeak. Bilera Mikelasagasti auditorioan izango da, eta bi txanda egingo dituzte: 11:00etan, lehena; eta bigarrena, 18:00etan. Bertan, proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, lurjabe bakoitzari Katastroan agertzen diren datuetan oinarritutako fitxa aurkeztuko zaio. Mugak behar bezala daudela uste izanez gero, zuzenean egingo dira altxamendu topografikoak; aldiz, mugak oker daudela uste izanez gero, ondoko mugakideen adostasunarekin muga horiek aldatu eta behar bezala azalduko dira.
Beraz, gonbidapena jaso duten guztiei dei egiten zaie auditorioan egingo diren bilera horietan parte hartzera. Zalantzarik izanez gero, Anoetako Udaleko Ingurumen eta Landa Garapen sailarekin jarri daitezke harremanetan.
Beste bilera informatibo batzuk
Horiez gain, azaroaren 10ean, Isasti, Hozpel eta Etxaburuko herritarrekin bilera egingo da; eta azaroaren 17an, Errotaldea auzokoekin. Lehenago ere egin dira bilerak auzo hauetako herritarrekin, bertako beharrak identifikatu ahal izateko eta iritziak biltzeko. Orain, berriz, auzo bakoitzerako aurreproiektu bana egin da eta lan hori aurkeztuko zaie auzotarrei.