Albisteak
Atzealdea

Kultur egitarau berezia maiatzerako eta ekainerako

Herriko ohiko festarik ez, baina egitarau berezia antolatu du Udalak datozen bi hilabeteetarako.

2021·05·13


Bizi dugun egoerak hala behartuta, aurten ere, herriko festak bertan behera uztea erabaki du Udalak. Hala ere, herriko jaiak ospatzea ezinezkoa izanagatik, arau guztiak betez herriko kultur eskaintzari eusteko apustua egin du.

Anoetako Pello Estanga alkateak azaldu duenez, bi ondorio nagusi jaso zituzten iaz martxan jarritako hausnarketa-prozesuan: batetik, jaiek “izaera parte hartzaileagoa” berreskuratu behar zutela, herritarrak protagonista izango zituena eta ez kontsumitzaile. Bestetik, ekintzak antolatzeko garaian sentsibilitate berezia duten sektoreak, izan gurasoak, musikariak, nerabeak.. kontuan izatea ere ezinbestekoa zela, “herritarrek nahi duten Anoeta” lortzeko bidean. Hori dela eta, kultur eskaintza berezia antolatu dute maiatzerako zein ekainerako; horrela hitz egin du Estangak egitarauaren inguruan: “Herriko jaiak ospatuko ez baditugu ere, kultur eskaintza antolatzean udaletik ahalegin berezia egin dugu herritar bakoitzak bere sentitzen duen esparru horretan egin dezakeen ekarpena jasotzeko eta aintzat hartzeko”.

Prozesu horren emaitza da datozen bi hilabeteetan herrian kulturaz gozatzeko izango duten aukera. Egitaraua osatzerako garaian, ahalegin berezia egin dute askotariko izaera duten ekintzak antolatzen, izan ikuskizunak, tailerrak, kirol ekitaldiak etab. Kasurako, nekazaritza ekologiko, zirku- eta baratza-tailerrak. Bestetik, jende pilaketak ekidin eta herriko txoko ezberdinak biziberritu asmoz, plaza deszentralizatu eta espazio berrien aldeko hautua ere egin dute.

Anoetako alkateak uste du osasun fisikoa adina zaindu behar dela osasun emozionala: “Guztion eskubidea da pandemia garai hauetan gure osasun emozionalaz jabetzea, zaintzea eta kulturaz gozatu ahal izatea; esan gabe doa norberaren ardura dela indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatzea ere”.