Jaietan gerta daitekeen indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa
2018·05·21
Anoetako Udala gure herrian emakume eta gizonen berdintasuna lortze bidean pausoak ematen ari da. Bide horretan, jai parekideetan guztion parte hartzea bermatzeko irizpideak markatu genituen herriko hainbat eragilerekin batera. Orain, herriko festetan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa sortu berri dugu. Honetarako, prozesu parte-hartzaile bat gauzatu dugu Farapi Kooperatiba Elkarteak dinamizatuta. Hamasei pertsonek hartu dute parte 2018ko martxoan eta apirilean egindako lau saioetan. Bertan, Anoetako Emakume Taldeak, udaletxeko langileek eta ordezkari politikoek, gazte asanblada, ikastolako eta tabernarien ordezkariek eta txosna batzordeko kideek eta beste eragileek hartu dute parte.
Prozesuan zehar, gaiaz sentsibilizatu, formatu, hausnartu eta protokoloa definitu da eta bertan, Erasoen Aurkako Batzordea sortzea proposatu zen.
Batzorde honen partaidea hauek dira: Udaleko bi ordezkari, Anoetako Emakume Taldeko bi ordezkari, tabernetako ordezkari bat eta txosna batzordeko ordezkari bat. Edozein erasoren aurrean, batzorde hau arduratuko da adostutako protokoloa martxan jartzeaz herriko jaietan eta kuadrilla egunean.
Diseinatu den protokoloa indarkeria matxista kasuen aurrean aktibatuko da. Honen barnean kokatzen ditugu alde batetik indarkeria sexista: emakumeek emakume izateagatik jasaten duten indarkeria; emakumeen kontrola eta haien gaineko nagusitasuna betikotzea duelarik helburu. Eta bestetik, beste indarkeria matxista batzuk ere biltzen ditu protokoloak: homofobia, lesbofobia, transfobia eta intragenero indarkeriak esaterako.
Erasoen Aurkako Batzordeak herritarrei gogorarazi nahi die, zerbait gertatzen bada edo gerta ez dadin guztion partaidetza beharrezkoa dela. Herritarren ardura baita erasoak saihesten laguntzea edo zerbait gertatzen bada erantzutea.
Horregatik, hainbat gomendio partekatu nahi ditugu herritarrekin:
-
Erasotuari zure laguntza eskaini.
-
Leku lasai/seguru batera joateko aukera eman.
-
Konfiantzazko norbaiti deitzea eskaini.
-
Ez utzi bakarrik, hala nahi ez badu.
-
Ez behartu gertatutakoa kontatzera.
-
Ez epaitu erasotua eta errespetatu bere erabakiak.
-
Guztion ardura da erasoak saihesten lagundu edo zerbait gertatutakoan erantzutea.
Erasoen aurrean, Anoetako Erasoen Aurkako Batzordearen zenbaki honetara deitu: 688 612 100. 24 orduz indarrean egongo da.