Iratxe Olano gazteria-suspertzailea: “Oraindik ikasten ari gara bai suspertzaileak, bai herritarrak; baina gustura nago egindakoarekin”
2021·11·04
Azaroko azken egunarekin batera amaituko du Iratxe Olano Lopetedik gazteria-suspertzaile lana. Abenduan itxita egongo da Gaztelekua, baina mantendu egingo dira Gabonetarako antolatutako ekimenak, eta martxan jarraituko dute ikastaroek ere. Urtarrilean zabalduko dute berriro; eta tarte horretan Udalak esleipen-prozesu bat egingo du Gazteria-saila kudeatzeko enpresa aukeratzeko. Olanok 2019an hartu zuen Anoetako Udaleko Gazteria sailaren gidaritza eta herriko gazteen beharrak hautematen zein horiei erantzuten aritu da. Bi urte hauetan zein esperientzia izan dituen eta zer ikasi duen kontatu du:
Nola laburtuko zenuke dinamizatzaile izan zaren tartea?
Zapore gazi-gozoarekin nago hainbat arrazoi direla-eta: batetik, Haur Hezkuntza ikasi dut eta udalekuetan eta koxkorragoekin lan egin dut, baina behin ere ez 10-16 urtekoekin; eta aldea dago. Bestetik, joan den martxoan ireki behar genuen eta orduantxe etorri zen Covid-19a. Horrek nolabait gure ilusioa zapuztu zuen eta lan administratiboa egitea tokatu zitzaidan, nerabeekin aurrez aurrekorako ilusioa nuenean. Tarte horretan nerabeentzat zer eta nola egin pentsatzeak buruhauste asko sortu zizkidan; baina bueno, hortik ere atera gara zorionez.
Gaztelekuan zein adin tarte lantzen da?
Orain arte DBH ikasleekin egin izan da lan, gehienbat. Aurten, berriz, LH5 eta LH6koentzat ere ateak ireki ditugu. Nerabe batzuengana ere iristea lortu dudala iruditzen zait, izan ere, tabu diren gaiak –sexualitatea, drogak eta abar– landu ditugu eta horrek konfiantza zein erreferentzialtasuna sortzen ditu. Zalantzarik gabe, oraindik ere lan asko dago egiteko; hasiera bakarrik izan da.
Orri txuri baten aurrean egin behar izan dut lana eta horrek duen alde onaz gozatzeko aukera izan dut eta baita lan kargaz sufritzekoa ere. Bestalde, herrian bertan ere lan egiteak bere alderdi onak eta txarrak ditu, eta horietaz ere ikastea tokatu zait.
Gazteria sailean sartzen dira bai haur txikiak, bai 30 urte bitarteko gazteak; alde handia dago batetik bestera. Zein zailtasun ditu denentzako eskaintza prestatzeak?
Lehentasunak jarri behar izan ditugu. Gazteria saila hutsetik abiatu da eta lan handia eskatu du hori martxan jartzeak eta aurrera eramateak. Gustu handiz jarriko nuke fokua adin helduagoetan, ni neu ere tarte horretakoa bainaiz. Baina, bi urte hauetan ez da posible izan.
Zer du hobetzeko Gazteria sailak?
Hasi besterik ez gara egin, beraz, zerrenda luzea du hobetzeko. Gauza berria denez, oraindik ikasten ari gara, bai suspertzaileak, bai herritarrak; baina gustura nago orain arte egindakoarekin.
Eta zein dira indarguneak?
Gaztelekua da indarguneetako bat. Interesa sortzen du, nobedadea baita, eta jendea oso aktibo dago. Egun berezietako eskaintzan (Aste Santuak, uda eta gabonak) DBHko nerabeentzako ere eskaintza dago – lehen LHkoentzat bakarrik zegoen–.
Aurten LHko ikasleentzako eskulan- eta sukaldaritza-tailerrak antolatu ditugu. Aukera dute gauza berriak lantzeko, ez aisia bakarrik, baita ikasiz esperimentatzeko ere; betiko eskaintzetatik ateratzen den zerbait da.
Aurrera begira?
Epe motzean, abenduan Gaztelekua itxita egongo da, baina ikastaroak aurrera jarraituko dute eta Gabonetako ekimenak ere mantenduko dira. Urtarrilean zabalduko dute berriro. Epe luzerako, berriz, helburuak dira: batetik, Gaztelekua herriko eragile aktibo izatea; bestetik, Gazteria-sailak gazteei zein gurasoei aholkularitza ematea; eta, azkenik, hezkuntza-komunitatea indartzea.