Albisteak
Atzealdea

Hondakinen lanketa berezi bat jarriko du martxan Udalak

Herritarren kuboen erabilera aztertuko dute, eta apirilaren amaieran hasiko dira.

2022·04·07


Urteak daramatza Anoetako Udalak hondakinen gaia jorratzen eta, gaur egun, atez ateko sistemarekin biltzen dituzte errefusa eta organikoa. Dena den, kezka izaten jarraitzen dute lurrean behar bezala sailkatu gabe agertzen diren zabor-poltsek; eta urte hauetan zehar hainbat sentsibilizazio-egitasmo egin baditugu ere, oraindik hondakin asko pilatzen dira lurrean gune batzuetan. Hori dela eta, Udalak erabaki du lanketa berezi bat martxan jartzea, honako helburuak lortu asmoz:

  • Atez ateko bilketaren gaur egungo egoera zehatz-mehatz ezagutzea.
  • Irakurketarik ez duten kuboen arazoari konponbidea ematea eta sistema erabiltzen ari ez direnen artean parte hartzea sustatzea.
  • Gaikako hondakinen bilketa %80ra gerturatzea.
  • Gaikako bilketa indartzeko mekanismo berritzaileak bultzatzea.

Aitzol Esnaola Zubeldia ingurumen-zinegotziak azaldu du kanpaina berri honekin Udalak pauso berri bat emango duela hondakinen bilketan: “Bizi dugun klima-larrialdiaren egoerak maila lokalean ere ekitea eskatzen du, eta baita ekonomia zirkularrean eta ekologikoan oinarritutako mekanismoak martxan jartzea ere”. Horrez gain, kanpaina eraginkorra izango delakoan dago Esnaola: “2013an hasi genuen bideari jarraipena emango dio egitasmo honek, eta espero dugu balioko duela bai gaikako bilketaren datuak hobetzeko, bai lurreko zabor poltsak desagerrarazteko”.

‘Kubo-klik’

Kubo-klik du izena kanpainak, eta lehen urratsa egoera aztertzea izango da. Galemys enpresak egingo du, eta apirilaren amaieran hasiko da. Nola, ordea? Bada, herritarren kuboen irakurketak aztertuko dituzte, eta udalaren zein Mankomunitatearen datu baseak eguneratu. Azterketa ahalik eta zehatzena izatea xede, irakurketarik gabeko kuboen jabeekin harremanetan jarriko dira zergatia ezagutzeko eta irtenbidea bilatzeko asmoz. Kanpainaren amaieran, mekanismo berritzaileen oinarriak finkatu nahi dira gaikako bilketa datuak hobetzeko eta herria garbi mantentzeko. Horrela, kuboen irakurketei kontrol zorrotzagoa emateko eta hondakinak biltzeko ezarritako sistema erabiltzen ez dutenei tasa garestiagoak kobratuko zaizkie. Izan ere, lurrean agertutako poltsa horiek bilketa gastuak handitzen dituzte eta gainera osasun eta ingurumen arazo dira herritarrentzat. 

Gaur arteko bidea

Anoetako Udalak 2013. urtean jarri zuen hondakinak atez ate biltzeko sistema; ordura arte hondakinen bilketa datuak %20-30ekoak ziren. Atez ateko sistemarekin  hasitakoan datuak %75era igotzea lortu zuten. Ondoren, 2017an, sistema mistoa ezarri zuten eta, gaur egun, errefusa eta organikoa dira atez ate biltzen diren frakzioak; gaur egun ere, bataz beste, %75eko gaikako bilketa datuak ditugu. Gainera, horri gehitu behar zaio herrian konposta bidez kudeatzen duten organiko kopurua ere, hain zuzen, sortzen den organikoaren %27 herrian konpostatzen baita.