Hizkuntzaren erabilera neurtu dugu Anoetako kaleetan
2017·03·20
2001ean egin genuen lehen aldiz, eta, harrez gero, bost urtez behin egin ohi dugu neurketa. Horrek eman digu bilakaera ezagutu ahal izateko eta hizkuntza-aldaketak gertutik jarraitzeko aukera.
Neurketa honen metodologiari esker, abantaila handiak lortzen ditugu herriko errealitatera hurbiltzeko. Metodologia objetiboa da, herriko kaleetan entzuten dena jasotzen baita. Neurtzaileek herriko kaleetan zehar topatzen duten jendeak darabilen hizkuntza jasotzen dute, beraiei ezertxo ere galdetu gabe.
Hemen, etxeetara banatu den laburpena.
Udalaren iritziz,
Laugarren aldiz Anoetan egin dugun hizkuntza erabileraren kale-neurketaren emaitzek erakutsi digute herrian, pixkanaka, euskara gero eta gutxiago entzuten dela. Arrazoiak askotarikoak izan daitezkeen arren, kontua da, 15 urtetan igoerarik ezagututa ere, une honetan elkarrizketen %57 bakarrik direla euskaraz Anoetako kaleetan.
Bereziki kezkatu gaituzte haur eta gazteen erabileraren beherakadak eta pertsona nagusien erabilerak zenbatean egiten duen behera haurrak presente ez daudenean.
Anoetako Udalaren egitasmoan funtsezkoak dira euskara indartzea eta Anoeta euskararen arnasgune izaten jarraitzea, beraz, egungo egoera hobetzeko asmoz, konpromisoa hartu dugu datuak sakon aztertzeko eta plangintza bat egiteko, herriko hainbat eragilerekin batera.
Baina Udalaren konpromisoa ez da nahikoa emaitza hauek iraultzeko. Herriko kaleetan egindako neurketaren emaitzak dira azaldu dizkizuegunak, beraz, denon emaitzak dira, eta denok egin beharko dugu ahalegina.
Bada, bene-benetan animatzen zaituztegu dakizuenok hitz egitera, ulertzen duzuenok hitz egiten ausartzera eta ez dakizuenok ikastera.
“Anoetan euskaraz bizi nahi dugu”