Hiru egunetan 400 kilo zabor baino gehiago garbitu dituzte erreka-inguruetatik
2021·04·15
Aste honetan Anoetako erreken eta ibaien garbiketa egiten aritu da Urzain Taldea. Hemendik aurrera, garbiketa-lanak egingo dituzte astebetez hilean behin. Udalak eta Urzain Taldeak urtebeterako egin dute akordioa. Bildutako zabor-kopuruaren inguruan kezka adierazi du Pello Estanga alkateak, eta gehitu du inguruak garbitzeko herriaren eskumenean dagoen guztia ari direla egiten: “Herri-inguruak garbitzeko baliabideak jartzen ari gara; guri dagokigun eremuan egingo dugu eskuhartzea. Landa-lana bezain garrantzitsua da, ordea, herritarrak sentsibilizatuta egotea. Lekuz kanpo zenbat eta zabor gutxiago bota, orduan eta gutxiago garbitu beharko dugu gero”.
Astelehenean Tolosako mugatik behera aritu ziren garbitzen, eta 224 kilo jaso zituzten. Horien artean nabarmentzekoak ia 100 kilo eraikin-hondakin, 52 kilo arropa eta 12 kilo plastiko-hondakin. Asteartean, berriz, 221 kilo zabor bildu zituzten Aranerreka inguruan (Anoetako Garbigunea zegoen tokitik gertu). Horietatik 140 kilo ibilgailuen gurpilak ziren; nabarmentzekoak, baita ere, 32 kilo errefusa eta 23 kilo beira, besteak beste. Asteazkenean, ostera, hilerri- eta Arizluzeko iturri-inguruak garbitu zituzten. Bi eremuetan, guztira, 212 edari-lata eta hamahiru botila jaso zituzten.