Albisteak
Atzealdea

Herritarrak Ergoien auzoko aisialdi eremuaren diseinatzaile

Aisialdirako espazio berri eta egokia eskaintzeko konpromisoari eutsiz, aisialdirako eremu bat diseinatzeko prozesu partehartzaileari ekin dio udalak.

2022·05·05


Anoetan azken urteetan partaidetza prozesuek indar handia hartu dute herri bizitza sustatzeko garaian. Berriro ere, adin eta baldintza ezberdinetako herritarrek proposamenak egiteko aukera izango dute Ergoienako aisialdirako eremua definitzeko prozesuan.

Anoetan OinHerri egitasmoaren bueltan “Herri Hezitzailea” filosofian sakontzeko asmoz herritar taldetxo bat martxan hasia da eta  elkarlanean hainbat irizpide adostu dituzte eremurako proposatuko diren erabilera eta elementuei dagokionean:

  • Jolas librea eta ez lehiakorra bultzatu nahi dira.
  • Espazio naturalaren izaera mantendu beharko du, bertako natur balioak erdian jarrita.
  • Herritarren saretzea ahalbidetuko du, elkarbizitzarako espazioa izanik.
  • Adin eta baldintza desberdinak dituzten herritar ororentzat izango da.
  • Urte osorako zerbait izan behar du, urtaroek baldintzatu gabe.
  • Ura elementu garrantzitsua izango da (beste parte hartze prozesuetatik sortu zen aisia eremuetan uraren elementuak egoteko beharra).
  • Gaur egun eremuak duen izaera eta erabilera aintzat hartuko dira, inguruko baserriekin elkarbizitza bermatuz.
  • Ez da muga artifizialik egongo.
  • Herriko puntu beltz bat  bihurtzea ekidin beharko da. 

Prozesu partehartzailean herritar ororen partehartzea bermatu nahi da, eta horretarako, adinaren araberako lanketa bat prestatu da katean lana eginez. Hau da, partehartze-saio bakoitzeko ekarpenen ondorioak hurrengo saiorako abiapuntu izango dira, belaunaldi ezberdinen beharrak elkarrekin lotuz eta proposamenak uztartuz:

  • Haurrak eta nerabeak ikastolan: Apirilean zehar eta maiatzaren lehen astera arte ikastolako 2-16 urte bitarteko haur eta nerabeekin egingo dute lanketa Ikastolan. Eremura gerturatu, hau aztertu eta ondoren eremurako erabilera eta elementu desberdinen proposamenak egingo dituzte.
  • Erretiratuak: Maiatzaren 10ean, 10.00etan, jubilatuei dei egingo zaie haur eta nerabeen proposamenak entzun eta ondoren beraien proposamenak entzun eta jaso ahal izateko.
  • Gazteak: Maiatzaren 17an, 17.30ean, herriko gazteen txanda izango da. Gazteei, aurretik haur, nerabe eta jubilatuekin landuriko proposamenak helaraziko zaizkie eta beraiek egiten dituzten proposamen berriak gehitu dizkiogu aurretik jasotakoei.
  • Herritar guztientzako saio irekia: Udalak bateraketa lan bat egingo du proposamen guztiak uztartuz eta maiatzaren 24an, 17.30ean, azken saio batera deituko ditu herritar guztiak eremurako proposatu diren erabilera eta elementuen gainean azken ekarpenak egin ahal izateko.